5 de octubre de 2011

EAJ-PNV-K BILDURI ESKATU DIO, BATZAR NAGUSIETAKO GEHIENGOAK ADOSTUTAKOA BETE DEZAN.

Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok azpimarratu duenez, “gaurkoan, Bilduren gobernuaren bakardadea irudikatu da lurraldearen erronka estrategikoetan”.

Gaurko osoko bilkuran, Gipuzkoako Batzar Nagusiek EAJ-PNV batzarkide taldearen bi ebazpen-proposamen onartu dituzten, hain zuzen, honakoak: lehena, Atotxako geltokiari eta Donostiatik AHTaren igarotzeari buruzkoa; eta bigarrena, Pasaiako badiaren biziberritzearen eta kanpoko kaiaren eraikuntzaren ingurukoa. Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olano pozik dago PP eta PSE-EE taldeekin ados jarri direlako, eta segidakoa adierazi du: “Irailaren 2an egindako prentsaurrekoan ADIF eta Eusko Jaurlaritzari eskatu genien, Abiadura Handiko Trena Donostiatik, hain zuzen, Atotxako geltokitik igaro zedin. Hilabete bukaeran aipatutako bi erakundeen babesa jaso ostean, gaur, Batzar Nagusietan herritarren ordezkarien gehiengoak ere babesa eman dio proposamenari, eta hori oso garrantzitsua da”.

Bestalde, hona hemen Olanok Pasaiako kanpoko kaia eta badiako biziberritzearen inguruan egindako adierazpenak: “Foru Aldundiari dei egiten diogu, erakundeen arteko konpromezuak bete ditzan. Ez dugu aldundiak kanpoko kaiaren aurkako jarrera aitzakitzat erabiltzerik nahi, badiako biziberritzea bertan behera uzteko”.

Honenbestez, jeltzaleen batzarkide taldeko bozeramaileak azpimarratu duenez, “gaurkoan, Bilduren gobernuaren bakardadea irudikatu da lurraldearen erronka estrategikoetan”. Ildo beretik, Markel Olanok esan duenez, “Bilduri eskatzen diogu errespeta dezan Batzar Nagusietako herritarren ordezkaritzaren gehiengoaren nahia; hartaz, ez dezan gutxiengoaren ikuspegia inposatu; hau da, Abiadura Handiko Trenaren, eta Pasaiako biziberritzearen zein kanpoko kaiaren alde egin dezan”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario