26 de octubre de 2011

EAJ-PNV-REN USTEZ, BERRI POZGARRIA DA EUROPAR BATASUNAK ARDATZ ATLANTIKOA ETA, ONDORIOZ, Y GREKOA KONTUAN HARTU IZANA.

Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako batzordean jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaile Arantza Tapiak gogoratu duenez, “betidanik, EAJ-PNVk defendatu du ardatz atlantikoa lehentasuna izateak garraioetako Europa arteko sareetan, bai salgaientzat bai bidaiarientzat”.

Europar Batasunak duela egun batzuk jakinarazi zuenez, ardatz atlantikoa eta, ondorioz, Y grekoa trenbide-sare nagusian sartu dira; beraz, Europatik diru-laguntzak jasoko ditu. Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ-PNV batzarkide taldeak erabakia txalotu du. Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako batzordean jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaile Arantza Tapiaren iritziz, “garrantzitsuena da Europar Batasunaren begirunea ardatz atlantikoari, eta, horrenbestez, euskal Y grekoari; izan ere, trenbide-sare nagusian sartu dira, portuak eta aireportuak trenbide-sarearekin lotzeko beharrarekin batera”. Tapiak aipatu duenez, “EBak lotura hori egiteko diru-lerro garrantzitsuak emango ditu, eta ezin ditugu galdu”.

Era berean, jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaileak honakoa nabarmendu du: “Europan, egun, soilik 20 aireportuek lotura dute trenbide-sarearekin. Hartaz, Euskadirentzat lehentasuna izan behar du, Loiuko aireportuak eta Bilboko zein Pasaiako Portuek AHTarekin lotura zuzena izatea. Alabaina, Euskadik sartzen erraza izango den nazioarteko aireportua izango du; eta, gainera, salgaien garraioa trenaren bidez egin ahal izango da”.

Arantza Tapiak, halaber, segidakoa esan du: “Garraioa oso garrantzitsua da Europako ekonomiarentzat. Ondo garraiotzen ez bada, gure ekonomia ahulduko da. Hau guztia ondo baino hobeto dakigu Gipuzkoan. Beraz, diru-kopuru handia inbertitu dugu, bideen arteko loturak hobetzeko – Foru Aldundiak du eskuduntza –, eta, ondorioz, gure lurraldeko enpresen lehiakortasuna hobetu dugu”. Tapiaren ustez, “egungo erronka honakoa da: trenbideen arteko lotura, eta errepide-sarearen, trenbide-sarearen eta portuen arteko lotura”.

Hona hemen EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramailearen iritzia: “Bada garaia Espainiar estatuko RENFE-ko sare osoak zabalera arrunta izateko; alta, AHT-ak bertatik igaro behar du. Aldaketak Frantziako mugetatik – Irun eta PortBou – hasi behar du, Europarekin lotura modurik egokienean lortzeko. Hala, zentzurik gabeko loturak eta eredu erradial eta zentralistak ekidin behar dira”.

Azkenik, Arantza Tapiak gogoratu duenez, “betidanik, EAJ-PNVk defendatu du ardatz atlantikoak lehentasuna izatea garraioetako Europa arteko sareetan, bai salgaientzat bai bidaiarientzat. Horretarako, segidako neurriak hartu ditugu: mozioak aurkeztu ditugu Diputatuen Kongresuan, ardatz atlantikoak mediterraneoak duen garrantzia izan dezan; eta, gainera, Europako Parlamentuan lan egin dugu ardatz atlantikoa egin dadin”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario