4 de octubre de 2011

EAJ-PNV-REN USTEZ, FORU ALDUNDIAK LURRALDEKO GIZARTE ZERBITZUEN KUDEAKETA EREDUA APURTU DU

Gizarte Politika batzordean EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Lourdes Alonso arduratuta dago, izan ere, “diputatu berriak ikerketak eta batzordeak egiten iraungo du legealdia, gizarte-zerbitzuen kudeaketaren inguruko erabakirik hartu gabe”.

Gizarte Politikako foru diputatu Ander Rodriguezen agerraldiak ardura sortu du EAJ-PNV batzarkide taldearengan. Hona hemen Gizarte Politika batzordean Lourdes Alonso jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramailearen adierazpenak: “Zehaztapenik gabeko agerraldia izan da. Gainera, oso larria da diputatuak irudikatu duen gizarte-zerbitzuen kudeaketaren haustura; alabaina, orain arte, gizarte-ordezkariek ereduarekin ados egon dira”.

Era berean, Alonsok esan duenez, “orain arte kobertura handiko sistema zegoen; bertan, lurraldearen gizarte-beharrak eta erronkak kontuan hartzen ziren, besteak beste, babes eza egoeren kopuruaren handitzea edota gizartearen zahartzea”. Halere, EAJ-PNV batzarkide taldeko eledunaren iritziz, “Foru Aldundiak eredu hori ( gizarte-zerbitzuen 2008-2012ko mapa) apurtu du; nonbait, balorazio ona zuen eta, gainera, inguruko herrialde zein lurraldeetarako adibide izan da”.

Honenbestez, Lourdes Alonsok honakoa gogoratu du: “Orain arte, gizarte-zerbitzuak ordezkari pribatuekin, enpresekin eta lurraldean errotuta dauden elkarteekin batera kudeatu izan dira. Aitzitik, egun, hori guztiarekin hautsi egiten da eta parte-hartze publikoaren aldeko apustua egiten da, lurraldeko ordezkariekin zegoen elkarlana alde batera utziz”. Ildo beretik, Alonsok Foru Aldundiaren jarrera arduragabea salatu du, eta segidakoa azpimarratu du: “Kudeaketaren ezagutzarik ez dute; alta, inongo plangintzarik gabeko proposamen orokorrak aurkeztu dituzte, eta, behin eta berriro, parte-hartze publikoaren garrantzia nabarmendu dute”.

EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaileak, halaber, salatu duenez, “diputatuak ez du konponbiderik eman, ez gizarte-beharretarako, ez zaharren egoitzetako itxaron zerrendetarako”. Hartaz, Lourdes Alonsok iragarri duenez, “EAJ-PNVk hainbat galdera aurkeztu ditu, besteak beste, planifikatuta dauden Elgoibar eta Irungo egoitzen eraikuntzaren egoeraren berri izateko”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario