21 de marzo de 2012

EAJ-PNV-K BILDURI ESKATU DIO LURRALDEKO TURISMOA BULTZATZEKO PLANGINTZA LEHENBAILEHEN AURKEZTEKO

Markel Olano jeltzaleen batzarkide taldearen iritziz, “dirudienez Bilduri bidaiari-kopurua gutxitu izana bost ajola dio eta, gainera horri aurre egiteko ez du ekimenik aurkeztu”.

Gipuzkoara iristen diren bidaiari-kopurua gutxitu da berriz ere. Eustat-ek kaleratutako azkeneko datuen arabera, Gipuzkoara %11 bidaiari gutxiago etorri dira eta, era berean, gau emateak %17 gutxitu dira. Datu horiek ikusita, EAJ-PNV arduratuta dago eta Bilduren jarrera salatu du; “izan ere, paso egiten du eta ezer ere ez gertatuko balitz bezala jarraitzen du, arazoari irtenbiderik aurkitu gabe”.

Era berean, Markel Olanok esan duenez, “irailan turista kopurua asko gutxitu zen. Orduan Foru Aldundiari eskatu genion, turismo arloko ordezkariekin elkarlanean aritzeko”.

Ildo beretik, Olanok honakoa gogoratu du: “Azaroan EAJ-PNVren ekimen bat onartu zen Batzar Nagusietan. Bertan, aldundiari eskatu genion hiru hilabeteko epean lurraldeko turismoa bultzatzeko plangintza aurkezteko eta segidako ordezkarien ekarpenak kontuan hartzeko: enpresa-gizon/emakumeak, turismo-erakundeak, turismo arloko elkarte publiko zein pribatuak, eta herritarrak”.

Halaber, EAJ-PNVren eledunak azpimarratu duenez, “aldundiari eskatu genion, Euskadiko Erakundeen arteko Turismo Mahaian parte hartzeko”. Baina aitzitik, Markel Olanoren iritziz, “Foru Aldundiak ez du aintzat hartu Batzar Nagusiek onartutakoa”.

Hori dela eta, Olanok segidakoa iragarri du: “Ekimena aurkeztu dugu Batzar Nagusietan, aldundiak osoko bilkuran ebazpena ez betetzeko arrazoiak eman ditzan eta turismoa bultzatzeko plangintza lehenbailehen aurkez dezan”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario