30 de marzo de 2012

MARKEL OLANO: “KRISIARI AURRE EGITEKO EKONOMIA-PLANA ORAINDIK AURKEZTU EZ IZANA OSO LARRIA DA”.

EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramailearen iritziz, “Gipuzkoako enpresei, lanpostuen sorrerari, aberastasuna sortzeko gaitasunari eta aberastasun hori modu orekatuan banatzeko aukerari kalte egiten ari zaie Foru Aldundia”.

Gipuzkoako Batzar Nagusien ustez, Foru Aldundiak ez du bete krisiari aurre egiteko lurraldeko ekonomia- eta jarduera-plan bat egiteko ebazpena. Markel Olano jeltzalearen ustez, “ebazpen hau bete ez izanak Foru Aldundiaren ezina agerian uzten du ekonomia-arloan duen ardura aurrera eramateko”. Ildo beretik, Olanok honakoa esan du: “Hilabete eta erdiko atzerapenarekin ekonomia-plana aurkeztea ez da larriena, planik aurkeztu ez izana baizik”.

Era berean, jeltzaleen bozeramailearen aburuz, “gai oso garrantzitsuari buruz ari gara; izan ere, Gipuzkoako enpresei, lanpostuen sorrerari, aberastasuna sortzeko gaitasunari eta aberastasun hori modu orekatuan banatzeko aukerari kalte egiten ari zaie Foru Aldundia”. Horrenbestez, Markel Olanok segidakoa azpimarratu du: “Plana aurkeztu ez izanak aldundiaren jarrera agerian uzten du; alabaina, ez du lehiakortasunaren, edota berrikuntzaren alde egiten”.

Halaber, Olanok esan duenez, “planteamendu arduratsua egin genion Foru Aldundiari, eskuduntzarik kendu gabe. Gainera, sindikatuen zein gizarte-eragileen parte-hartzea onartu genuen”, eta honakoa adierazi du: “Gizartea kezkatuta dago Bilduren gobernuaren ezintasunagatik”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario