23 de mayo de 2012

MARKEL OLANO: “LEGEALDIA GAIZKI HASI ZEN ETA, DAGOENEKO, EZ DU ERREMEDIORIK”.


EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramailearen ustez, “atzo Pasaian egindako kontraprogramazioarekin Gobernuak errespetua falta die gipuzkoarrei eta, bereziki, Batzar Nagusiei”. 



Bilduk gobernu programa aurkezteko gai bakarreko osoko bilkura – oposizioko taldeek bultzatu dute – gaur goizean hasi da bozeramaileen hitzaldiekin. EAJ-PNVren eledun Markel Olanoren ustez, “errespetu falta izugarria da Foru Aldundiaren Gobernuak atzo Pasaian Bilduko boto emaleei zuzendutako ekitaldian programa aurkeztea, hain zuzen, gaur gipuzkoar guztioi aurkeztu behar zionean. Are gehiago, gobernu planak duela hilabeteak aurkeztua egon behar zuen”.

Ildo beretik, Olanok honakoa gogoratu du: “Irailean eskatu genion lehenbiziko aldiz Foru Aldundiaren Gobernuari programa aurkezteko, baina ez genuen arrakastarik izan eta, orain, bilkura hau deitu behar izan dugu eta, beste behin, Foru Aldundiak bilkurari errespetua falta egin dio”.

EAJ-PNVren bozeramailearen aburuz, “atzo Pasaian Bilduren aginteko Foru Aldundiak egindako ekitaldia, kontraprogramazioa da; izan ere, gaurko bilkuran aurkeztu beharrekoak azaldu zituen. Hau da, Aldundiak agerian utzi du Batzar Nagusiei dien legitimitate eza. Gainera, gonbidapenean argi gelditzen zen Bilduren boto emaileentzako ekitaldia zela eta, horrek, erakundeen arteko errespetuaren limite guztiak gainditzen ditu”.

Honenbestez, jeltzaleen eledunak azaldu duenez “oso haserre gaude” eta segidakoa galdetu du: “Foru Aldundiaren Gobernuak Batzar Nagusiei erakunde-ibilbiderik ematen ez diola ikusita, Zein da Batzar Nagusien lana eta, ondorioz, etorkizuna?”.

Era berean, Markel Olanok azpimarratu duenez, “Garitano jauna legeak behartuta eta oposizioaren ekimenez, etorri da gaur Batzar Nagusietara. Gainera, bilkura hasi denean jaso dugu egitasmoa eta, beraz, ez dugu aztertzeko ez oposizioari dagokion lana egiteko, hau da, gobernuari kontrola egiteko, aukerarik izan”.

Hortaz, Olanoren ustez, “berandu da; izan ere, hauteskundeak egin zirenetik urtebete pasa da eta gobernu plana behartuta aurkeztu behar izan dute. Are gehiago: legealdia hasi eta sei hilabeteetara aurkezten ez diren egitasmoak ez dira egingo; hots; legealdia gaizki hasi zen eta, dagoeneko, ez du erremediorik”. 

Halaber, gobernu programari buruz hona hemen Markel Olanoren hitzak: “Ez ditu egitasmo batek izan behar dituen puntuak: lehenik, ez du egoeraren gaineko hausnarketarik egiten eta, gainera, dauden arazo nagusienak ez ditu aipatzen. Bigarrenik, ez du etorkizunaren argazkirik egiten ezta erabakiak hartzeko modurik edo parte-hartze prozesuak garatzeko erarik ere. Hirugarrenik, ez du gobernatzeko eredurik ez gobernuaren antolaketarik aipatzen. Eta azkenik, oposizioak bere lana egiteko tresnarik gabe jarraitzen du, alegia gobernuaren kontrola egiteko”.  

Amaitzeko, EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaileak honakoa azpimarratu du: “Kezkagarria da gauden egoeran diputatu nagusiak ez ekimenik ez Batzar Nagusiek adostutakoa betetzeko borondaterik izatea”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario