EAJ-PNVren
batzarkidearen iritziz, “Foru Aldundiaren gobernuak arauak ez ditu aintzat
hartzen eta, beraz, ez du legitimitaterik. Gainera, demokrazian zerbait gustuko
ez dutenean ez dute betetzen eta, hori, onartezina da; hau da, ganberari nahiz
herritarrei errespetua galdu die”.
Hondakinei buruzko batzordearen lehenengo saioan, batzarkide
taldeek euren iritziak eman dituzte. EAJ-PNVren batzarkide Xabier Ezezabarrenak
honakoa azpimarratu du: “Planak indarrean dagoen araudia urratzen du eta, beraz,
gizarte-desobedientziari dei egiten dio”. Ezeizabarrenaren aburuz, “Foru
Aldundiak zero zabor paradigma saldu nahian jarraitzen du, nahiz eta birziklatu
nahiz konpostatu ezin daitekeena zabortegietara botatzeko bilduko duten eta,
ondorioz, usainak zein ingurumen-eragin larria egoten jarraituko da”.
Ildo beretik, jeltzaleen batzarkideak Foru Aldundiaren
eredu aldaketa izan du hizpide: “Azkeneko asteetan irizpide aldaketa egon da;
hain zuzen, zaborra beste herri batzuetara eramatetik lur-azpian sartzera pasa
dira. Hori Euskadin ezinezkoa da, izan ere Ingurumen Legeak ez du onartzen
zaborra degradatutako natur-guneetara eramatea, Bilduren Aginteko Foru
Aldundiak nahi duen bezala. Gainera, eredua malgua dela esaten dute, baina ez
dute aipatzen zeintzuk diren hondakin-hondarrak jasoko dituzten herriak, ez zer
gertatuko den Gipuzkoan hondakinak botatzeko guneak amaitzen direnean. Gogoan
izan, hondar horiek biologia-jarduera izaten jarraitzen dutela eta, beraz,
kutsatzen nahiz usaina sortzen dutela”.
Era berean, Xabier Ezeizabarrenaren ustez, “lehengo
astean aurkeztu ziguten dokumentuan aipatzen denez, zaborra gutxiago sortzen
da, baina ez dute kontuan hartu krisialdiaren ondorioz dela”. Hortaz,
Ezeizabarrenak segidakoa esan du: “Planaren prognosian ezin dute esan zabor
gutxiago sortzen dugula hainbat herritan atez ateko bilketa sistema ezarri
delako; krisia edo zaborra beste herrietara eramaten dela izkutatu nahi dute”.
Bestalde, EAJ-PNVren hautetsiak kritikatu du, prebentzioan
Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plangintza Orokorrak (PIGRUG) Foru
Aldundiaren plana baino haratago doala eta, besteak beste, ez dituela hondakin-uren
araztegiak kontuan hartzen, eta hauek ez dira egun batetik bestera desagertuko”.
Erakunde bakoitzari dagokion eskumenei buruz ere mintzatu
da Xabier Ezeizabarrena: “Euskadin Ingurumen Lege Orokorra dago eta, bertan,
Lurralde Historiko bakoitzeko erakundeei dagozkien eskumenak aipatzen dira.
Hori guztia ere ez zaie interesatzen eta, beraz, demokraziaren saltoki gunean
daudela dirudi; hots, interesatzen zaidana hartzen dut eta beste guztia apalan
uzten dut”. Honenbestez, batzarkide jeltzalearen ustez, “Hondakinen
Partzuergoaren eginbeharra – partzuergoaren beraren estatutuetan hala dago
idatzita – PIGRUG-en jasotakoa kudeatzea da eta, horren artean,
errausketa-instalazioaren eraikuntza eta hondakinen balorizazio energetikoa
daude”. Hau da, EAJ-PNVren hautetsiaren iritziz, “Juan Carlos Alduntzin foru
diputatuak Partzuergoaren eginbeharra ez du aintzat hartzen eta, gainera,
Batzar Nagusiei eskumenak kendu nahi dizkie eta, beraz, ganberari zein herritarrei
errespetua galdu die”.
Halaber, Xabier Ezeizabarrenak Foru Aldundiaren iritziari
buruz hitz egin du: “Bilduren aginteko Foru Aldundiaren arrazoiak
errauste-planta kutsakorra dela izaten jarraitzen dute, nahiz eta plantak
ebaluazio zorrotzenak pasa dituen”. Ildo beretik, jeltzaleak Alduntzini
gogoratu dionez, “eraiki nahi dituzuen plantak kaltegarriak izan daitezke eta
hiri nahiz ingurumen-eraginaren plangintza behar dute”.
Hori guztia dela eta, Ezeizabarrenak honakoa esan du: “Alduntzin
foru diputatuak uneoro araudiaren aurkako hitzaldia egiten du eta, beraz, politika-legitimitatea galdu du eta Ezker
Abertzaleak Epaitegi Gorenari beti kritikatu izan diona egiten ari da: legea
euren modura manipulatzen du errausketa-instalazioa ez egiteko. Hori oso larria
da eta asko kezkatzen gaitu”. Honenbestez, EAJ-PNVren hautetsiak segidakoa
azpimarratu du: “Bilduren eredua ez da erabatekoa. Birziklapenak eta
errauste-plantak, bakoitza bere aldetik, ez diote irtenbidea ematen hondakinen
arazoari, bai, ordea, elkarrekin”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario