EAJ-PNVren
batzarkideak koalizioari honakoa gogoratu dio: “arau hierarkia dago. Beraz,
hirukote toxikoari buruz hitz egiten duzue, baina benetan toxikoa eta
kutsakorra dena segidakoa da: indarrean dagoen foru araua aintzat ez hartzea
eta zuen eredua inposatzea Batzar Nagusien gehienaren kontra”.
Bi egun barru Juan Carlos
Alduntzin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuaren aurkako
zentsura-mozioa eztabaidatuko dute Batzar Nagusietan. Hala ere, gaurko osoko
bilkuran taldeek hondakinen gainean hitz egin dute. Europako Parlamentuak
baliabideen erabilera eraginkorra egiteko deiari buruzko ebazpen-proposamena
aurkeztu dute Aralar eta Bildu taldeek eta, hain zuzen, horrek piztu du berriro
eztabaida.
EAJ-PNVren
batzarkide Xabier Ezeizabarrenak Bildu eta Aralar taldeek proposamena aurkeztu
izana kritikatu du: “Hondakinei buruzko gai bakarreko batzordean ez zuten ezta
mozio bakar bat ere aurkeztu. Gainera, arazoaren zatikako ikuspegia dute; izan
ere, errauketa-instalazioaren aurkako argudioak ematen dituzte eta taldeei zein
ganberari errespetua galdu diete, hirukote
toxikoa delako hitzak erabiltzen dituztelako”.
Honenbestez, Ezeizabarrenak
EAJ-PNVren lana babestu du: “Hirukote toxiko horren buruak, EAJ-PNVk alegia, ez
ditu gauzak hain gaizki egin eta datuek hala diote: Beasainen, adibidez,
bostgarren edukiontzia jarri zenetik birziklatze-tasa %50 handitu da”. Hortaz,
jeltzaleen hautetsiak Bilduri eskatu dio, “horrelako hitzak erabiltzeari
uzteko”.
Era berean, EAJ-PNVren
batzarkideak koalizio abertzaleari dei egin dio, “gaiak ez nahasteko, Gipuzkoan
hondakinen gaineko Bibliako doktrinarik ez egiteko, eta Ingurumeneko eta
Lurralde Antolaketako foru diputatuaren aurkako zentsura-mozioa lasai hartzeko,
izan ere, demokraziaren tresnetako bat da”.
Xabier Ezeizabarrenak, halaber,
segidakoa gogoratu du: “Bete beharreko arau hierarkia bat dago. Baldin eta arau
horietako bat aldatu nahi baduzue, legitimitatea duzue, gehiengorik ez, ordea.
Hori dela eta, Europako Parlamentuko ebazpen bat erabiltzen dute araudia ez
betetzeko, baina ebazpen hori ez da Batzar Nagusiek onartutako foru arau bat
baino garrantzitsuagoa. Hau da, gustuko ez duzuenez eta, are gehiago, beste
batzuek onartu dutenez, ez duzue aintzat hartzen”.
Azkenik, Ezeizabarrenak Bilduri
eskatu dio, “eufemismoak baztertzeko. Ezin duzue esan hondakinen gaineko
dokumentua foru arauaren garapena dela eta, bitartean, araua hankaz gora jarri.
Lege-iruzurra egin nahi duzue eta, ondorioz, argi uzten duzue zuen hierarkia
errausketa-instalazioa ezabatzea dela”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario