“Larraitz Ugartek Bidegiren inguruan egindako
aurreikuspenak bertan behera gelditu dira”, adierazi du Aintzane Oiarbide
batzarkideak
N-1 errepidean,
Etxegarate parean, ibilgailu astunentzako bidesaria jartzea proposatu du
Gipuzkoako EAJk, neurri horrekin urtean 53 milioi euro bilduko liratekeela
argudiatuta, “lurralde oreka eta trafiko fluxuen oreka” bultzatzeaz gain. EAJk
aurreko legealdian proposatu zuen aipatutako neurria, eta orain kalkulu
zehatzak aurkeztuz osatu du. 10.000 kamioi igarotzen dira egunero
Donostia-Gasteiz ibilbideko Gipuzkoako zatitik, eta jeltzaleen arabera,
bidesaria urte hasieran martxan jarri izan balitz, 40 milioi euroko
errekaudazioa izango zen dagoeneko.
Markel Olano EAJko Batzar
Nagusietako bozeramaleak eta Aintzane Oiarbide batzarkideak dei egin diote
Bilduri neurri hori har dezan, legealdi osoa kontutan hartuta, 212 milioi
euroko diru-sarrerako lortzeko balio izango lukeelakoan. “Zoritxarrez, prest
daude diru hori zakarrontzira botatzeko aurreko legealdian egindako lana bertan
behera utzi eta historia beraiekin hasi den itxura emateko”, salatu du Olanok.
Era berean, Oiarbidek azaldutakoaren arabera,
EAJk bertako garraiolariei pizgarri fiskala eskaintzea proposatu du
neurriaren eragina aritzeko, baina “Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du kontuan
hartu”.
Olanoren esanetan, Batzar
Nagusietan errepideen inguruan egindako ponentziak “porrot” egin du eta ez du
“inolako ondoriorik” atera. “Bilduren jarrera ihes egitea izan da, ez duelako
bere eredua argitu, eta are larriagoa dena, ponentziaren bileretan Larraitz
Ugartek bereak esan du ez dutela argituko. Lotsagarria iruditzen zaigu gobernu
ardura duen norbaitek horrela jokatzea”.
Bozeramale jeltzalearen
arabera, bere asmoak ezkutatu nahian dabil Bildu: “Gipuzkoar guztiontzat
errepideen zerga berria jarri nahi dute, salbuespenik gabe”. Neurri horren
aurka gogor egin dute jeltzaleek: “Gaur egun, gipuzkoarrok ordaintzen ditugu
errepideak beren osotasunean, zergen, bidesarien, eta zirkulazio zergaren
bitartez. Hori da daukagun desorekarik handiena. Eta orain horri zerga berri
bat erantsi nahian dabiltza”, ohartarazi du Oiarbidek. “Gipuzkoarron poltsikoak hustu nahi dituzte,
eta bitartean, garraio astunak, atzerritik datorrena neurri handi batean, euro
bakar bat ordaindu gabe eta errepideen mantenuan lagundu gabe jarraitzen du,
kostu handia eragin arren”.
Bilduri
“demagogian” aritzea leporatu dio Olanok, AP-1 eta AP-8 autobideak erabiltzeagatik
25 euroko muga jarriko duela “lau haizeetara
iragartzerakoan”, hain zuzen. “Gu ados gaude neurri horrekin, lurralde oreka
bultzatzen duelako, baina ezin da ahaztu
urtean dirusarrerak 1’5 milioi eurotan
jaistea ekarriko lukeela, eta legeladi osoan, berriz, 6 milioitan. Bilduk ez du
esaten nolako neurriak hartu behar dituen egoera horri konponbidea emateko, eta
ez du zerga berriaz hitz egiten ez litzatekeelako batere ‘popularra’ izango”. Hori dela-eta,
iragarri du EAJk emendakina sartuko duela “25 euroko muga ezartzeko onartu nahi duten Foru Arauan”, arau horrek Etxegarateko bidesaria martxan jartzea
aurreikus dezan.
Oiarbidek, berriz, Larraitz
Ugarte diputatuari egotzi dio “legealdi hasieratik Bidegiren finantzazioaren
inguruan diskurtsu maltzurra eta asmo txarrekoa” lantzea, “EAJri min egin eta
bere irudia kaltetu asmoz, Bidegiren solbentzia zalantzan jarriz”. Adierazi du
aurreikuspen ilun horiek ez direla bete: “Argi eta garbi utzi du hori
ponentzian Bidegiko finantza zuzendariak, erakutsi baitu trafiko fluxuak
jaitsita ere Bidegik badituela tresnak galera horiek orekatzeko Foru
Aldundiaren altxortegira jo beharrik gabe”.
Ildo horretan, Larraitz
Ugartek berak Bidegiko Kontseiluari joan den abuztuaren 16an bidalitako gutuna
aipatu du Oiarbidek: “Bertan espreski esaten du lehen seihilabeteko dirusarrera
datuak ez direla hain txarrak izan. Bidesarien dirusarrerek %0,75 egin dute
behera, 348.877 euro, baina zerbitzu-esparruetako dirusarrerek %10,78 egin dute
gora, hau da, 590.000 eurotan. Kontuan
hartu behar da gainera hor ez dela opor garaia zenbatu, eta bidesarien
dirusarrerak nabarmen handitzen direla aipatutako garaian. Beraz, argi gelditzen da Ugarteren
aurreikuspen beltzek ez zutela inolako funtsik”.
Gaineratu duenez, Bilduren
“helburu bakarra” bukatu berri den errepideen ponentzian aurreko ponentziak
egindako lana bertan behera uztea izan da: “Ponentziaz aldatu eta organu
politiko gisa erabili besterik ez dute egin, gehiengo berriekin. Ez dute
irakurri aurrekoaren lana eta ezta ateratako ondorioak ere”. Batzarkide
jeltzalea harriturik azaldu da ildo horretan: “Ez dugu ulertzen Bilduk eta
Aralarrek ponentziaren emaitzarekin gustura daudela esatea, inolako
kontsentsurik lortu ez dutenean, aurreko legealdian ez bezala. Zentzugabekeria
hutsa da. Zerbaitegatik azken bileran ez zen Foru Gobernuko ordezkari bakar bat
ere egon”.
Bilduri “bere eredua
argitzeko” eskatuz amaitu dute agerraldia: “Beldur gara, ordea, foru arauen
bitartez onartuko dituela neurriak, Ppren babesarekin”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario