24 de septiembre de 2012

MARKEL OLANO: “FORU ALDUNDIAREN GOBERNUAK ADARRA JO DIGU ETA, HORRI AURRE EGITEKO, EKONOMIAREN ARLOAN PROPOSAMEN GARRANTZITSUA EGINGO DUGU”.



EAJ-PNV batzarkide taldearen ustez, “diputatu nagusiaren hitzaldia oso eskasa izan da. Izan ere, azkeneko 15 hilabeteotan egindako plangintzarik gabeko ekintzei buruz hitz egin du, baina ez du proposamen zehatzik egin”. 



Martin Garitano diputatu nagusiaren hitzaldiak eman dio hasiera politika orokorreko osoko bilkurari Gipuzkoako Batzar Nagusietan. EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanoren iritziz, “Martin Garitanok adarra jo digu. Izan ere, argi gelditu da plangintzarik ez duela, horrela jarraituko duela eta, beraz, gaitasunik gabe jarraituko duela ekonomia-egoera zailari aurre egiteko irtenbidea aurkitzeko”.

Ildo beretik, Olanok diputatu nagusiari honako kritika egin dio: “Politika orokorreko eztabaidaren helburua politika-ikasturterako plangintza aurkeztea da, baina ez du egin”. Horrenbestez, jeltzaleen eledunak segidakoa esan du: “Ildo nagusiak aurkeztu ez ditu, beraz, zer eztabaidatuko dugu gaur arratsaldean?”.

Era berean, Markel Olanok ondorengoa azpimarratu du: “Martin Garitanok egin duen gauza bakarra honakoa izan da: azkeneko 15 hilabeteotan egindako plangintzarik gabeko ekintzak errepasatu. Eta, hori, Gipuzkoako Batzar Nagusiei zein gipuzkoarroi errespetua galtzea da”.

Azkenik, EAJ-PNVren bozeramailearen aburuz, “Bilduren aginteko Foru Aldundiak ez du proposamenik aurkeztu eta ez du plangintzarik; beraz, EAJ-PNVk proposamen zehatzak egingo ditu gobernuari bidea erakusteko”. Hortaz, Markel Olanok segidakoa iragarri du: “Bihar, Gipuzkoako Batzar Nagusietako erregistroan ekonomia arloko proposamen garrantzitsua egingo dugu”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario