Gipuzkoako Ogasunak 2012.urteko zerga-bilketaren
balorazioa egin du gaur komunikabideen aurrean. Itziar Miner Ogasun
departamentuko zuzendariaren azalpenak entzun ostean, EAJ-PNVk eskatu du Helena
Franco Ogasuneko foru diputatua Batzar Nagusietan agertzeko eta aurreikusitako
diru-sarreren eta jasotakoaren arteko aldea azaltzeko.
Izan ere, 2012rako aurreikusitako diru-bilketak 3.837
milioi eurokoak ziren, baina aitzitik, Foru Aldundiak 3.615 milioi euro jaso
ditu. Horrenbestez, diru-bilketak %5,8 gutxitu dira, hau da, Foru Aldundiak 222
milioi euro gutxiago jaso ditu. Ondorioz,
EAJ-PNVren iritziz, Ogasuneko foru diputatuak Batzar Nagusietan gainerako
alderdiei honakoa azaldu beharko die: zergatik huts egin du aurreikuspenak?,
eta jaitsiera horrek zein ondorio izango ditu inbertsioetan?
Era berean, EAJ-PNVk gogoratu du, abenduan
ebazpen-proposamena egin zuela eta, bertan, Foru Aldundiari eskatu ziola
finantza- eta ekonomia-dokumentua hurrengo ekitaldietarako eguneratzeko, honako
arrazoiak direla eta: diru-bilketaren gutxitzea eta lurraldearen
ekonomia-egoera latza.
Halaber, EAJ-PNVren aburuz, Gipuzkoako Ogasunaren
arduradunek jarrera arduragabea eta txolina izan dute, izan ere beste ekitaldi
batzuetako diru-bilketaren aurreikuspenaren eta bildutakoaren arteko aldea ikusita
salaketa faltsuak eta oso larriak egin izan dituzte.
Azkenik, beste urteekin alderatuta diru-bilketa gutxitu
dela eta, EAJ-PNVk Bilduri eskatu dio, neurriak hartzeko eta Batzar Nagusiek
onartutako, eta gizarte- zein ekonomia-ordezkariek eskatutako krisiari aurre
egiteko eta ekonomia sustatzeko planak egiteko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario