Eider Mendoza jeltzaleak kritikatu du,
Bilduren aginteko Foru Aldundiak bertan behera utzi duela aldundiaren eta
udalen arteko egoitzen gaineko negoziatzeko batzordea.
Gizarte Politikako foru
diputatu Ander Rodriguez Gipuzkoako Batzar Nagusietan agertu da eta Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legeak
markatzen duen eskumenen doiketari ekiteko proposamena aurkeztu du. EAJ-PNVren batzarkide Eider Mendozak honakoa esan
du agerraldiaren amaieran: “Ez dugu ulertzen zergatik Bilduk bertan behera utzi
duen udalen eta Foru Aldundiaren arteko egoitzen gaineko negoziazio batzordea”.
Ildo beretik, Mendozaren ustez, “udalak zuzeneko solaskide izatetik entzuleak
izatera pasa dira; izan ere, ezin izan diote ekarpenik egin proposamenari”.
Era berean, Eider
Mendozak segidakoa azpimarratu du: “Baldin eta Foru Aldundiak proposamena
udalekin elkarlanean egin izan balu, orain aldundiak benetako egoeraren eta
ekonomia-balorazioaren diagnosia izango zuen”.
Halaber, Gizarte
Politikako foru diputatuak esan duenez, udal-egoitzetako langileen
lan-baldintzak mantendu ahal izango dira. Horren harira, EAJ-PNVren hautetsiak
kezka adierazi du: “Egun, udal-egoitzetako langileen baldintzen artean egoera
ezberdinak daude, beraz, zaila izango da Foru Aldundiaren langileak izatera
pasatzen direnean hain lan-baldintza ezberdinak izatea, lan bera
egiteagatik”.
Azkenik, Eider Mendozak
Ander Rodriguez Gizarte Politikako foru diputatuari eskatu dio, egindako
proposamenari batzarkide taldeei ekarpenak egiten uzteko eta, orobat, plan
horretan udal guztien parte-hartzea bermatzeko, udal bakoitzean agintea duen
alderdia zein-nahi den ere”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario