Jeltzaleen
batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok bat egin du Iñigo Urkullu
lehendakariak proposatutako Enplegua Sustatzeko Programarekin, eta Bilduren
aginteko Foru Aldundiari esan dio, Gipuzkoak Enplegua Sustatzeko Programa
berezia behar duela.
Ekonomia eta enplegua
bultzatzeko talde txostengilean parte hartu ondoren, Gipuzkoako Batzar
Nagusietako batzarkide taldeak beraien ekarpenak egiten ari zaizkio talde
txostengileari. EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok honakoa
gogoratu du: “Bi urte pasa dira Martin Garitano Gipuzkoako Diputatu Nagusi
izendatua izan zenetik eta, oraindik, ez du krisiari aurre egiteko planik egin.
Iñigo Urkullu lehendakari izendatua izan zenetik, ordea, ez dira ehun egun bete
eta, dagoeneko, legealdi osorako Enplegua Sustatzeko Programa egin du eta,
gainera, hainbat neurri zehatz hartu ditu krisiari aurre egiteko”. Hori dela
eta, Olanok Garitanori eskatu dio, legealdi osorako ekonomia eta enplegua
sustatzeko plana lehenbailehen egiteko, eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean
aritzeko, izan ere, erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa da krisialdia
gainditzeko.
Horren harira, EAJ-PNV
batzarkide taldearen bozeramailearen ustez, Foru Aldundiaren aurrekontuan
adostutako 7,6 milioi euroko aurrekontu-sailak ez du balio izango Gipuzkoaren
egoera larriari aurre egiteko. Horrenbestez, Markel Olanok segidakoa
azpimarratu du: “Gipuzkoak eta gipuzkoarrok gehiago merezi eta behar dugu. Hori
dela eta, EAJ-PNVren batzarkide taldea ados dago Iñigo Urkullu lehendakariak
proposatutako Enplegua Sustatzeko Programarekin eta Bilduri eskatzen dio,
Gipuzkoarentzako Enplegua Sustatzeko Programa berezia egin dezan”.
Era berean, Olanok
salatu du Bilduren aginteko Foru Aldundiaren ekimen falta: “Gipuzkoak lidergo
sendoa behar du krisiari aurre egiteko, eta diputatu nagusiak izan behar du
lidergo horren burua. Aitzitik baina, Martin Garitanok ez du krisiari aurre
egiteko planik egin nahi – bere ustez, ez du ezertarako balio –, nahiz eta
Gipuzkoako Batzar Nagusien gehiengoak behin eta berriz plana egiteko eskatu
dioten”.
Horregatik guztiagatik, Markel Olano jeltzaleak
gogoratu du, EAJ-PNVk krisiari aurre egiteko proposamena lantzen jarraitzen
duela: “Izan ere, Bilduren aginteko Foru Aldundiak argi utzi du ez dituela
Batzar Nagusien gehiengoaren eskariak aintzat hartuko. Hori kontuan hartuta,
Foru Araua egitea da oposizioari gelditzen zaion tresna bakarra Gipuzkoako Foru
Aldundia krisiaren aurkako plana egitera behartzeko”. Horrenbestez, Olanok esan
du, egun, EAJ-PNV ekonomiaren eta gizartearen eragileekin Ekonomia Sustatzeko
Foru Araua egiteko proposamena aztertzen ari dela”.
EAJ-PNVren
proposamena talde txostengileari
Halaber, EAJ-PNVren
eledunak zehaztu du, 7,6 milioi euroko aurrekontu-sailaren erabilpenerako bere
taldearen proposamena: “EAJ-PNVren iritziz, lehenik, enpresen lehiakortasuna
handitu behar da eta, batez ere, enpresa txiki eta ertainei garrantzia eman
behar zaie. Horretarako, Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza garatu behar dira.
Era berean, Produktu berriak Gipuzkoatik kanpo merkaturatzeko eta enpresa
berriak sortzeko laguntzak eman behar dira; baita partaidetzako antolakuntza
eredu berriak eta enpresen lankidetza sustatzeko laguntzak ere. Eta, azkenik,
lana aurkitzeko zailtasun handiak dituzten pertsonen lan-merkaturatzea
bermatzeko neurriak hartu behar dira”.
Amaitzeko, Markel Olano jeltzalearen
azpimarratu ditu, talde txostengilean parte hartu duten ekonomiaren eta
gizartearen eragileen ekarpenak. Olanoren aburuz, zerbait argi geratu bada
honakoa da: “7,6 milioi euroko aurrekontu-saila eskasa da bizi dugun egoera
larriari aurre egiteko. Beraz, talde txostengilearen lana benetan aprobetxatu
nahi badugu, guztion artean, elkarlanean, legealdi osorako plangintza berezia
egin behar dugu”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario