25 de junio de 2013

EAJ-PNV-K SALATU DU MARTIN GARITANOREN ZINISMOA, IZAN ERE INBIOMED FUNDAZIOAREN NAGUSIETAKO BAT IZANIK, EZ DU EZER EGIN



Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok Bilduren aginteko Foru Aldundiaren estrategia kritikatu du, izan ere, Berrikuntza departamentuaren aurreontua %24 murriztu du eta, beraz, berrikuntzaren sektorea baztertu du. 



Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ-PNVren batzarkide taldeak kritikatu du Bilduren aginteko Foru Aldundiaren Inbiomed fundazioarekiko izandako jarrera. Markel Olano jeltzaleak salatu du, Martin Garitanoren zinismoa, izan ere orain arte ez du Inbiomed-en alde ezer egin. 

Ildo beretik, Olanok Bilduren estrategia kritikatu du Berrikuntzan: “Berrikuntzaren sektorea baztertu du. Beraz, Martin Garitano zinikoa da, beste batzuei egotzi egiten dielako Inbiomeden egoeraren errua, nahiz eta Garitano bera Donostiako Udalarekin batera, fundazioaren nagusia den eta, orain arte, ezer egin ez duen”.

Era berean, EAJ-PNVren bozeramaileak gogoratu du, Bilduk %24 murriztu duela  2013ko aurrekontuan Berrikuntza departamenturako aurrekontu-saila. Gainera, 2012.urtean aurreikusitako 23 milioi euroko sailetik – enpresentzat, fundazioentzat eta irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat – bakarrik 8 milioi euro erabili ditu. Hortaz, non dago Bilduren berrikuntzaren aldeko apustua? Argi gelditu da Bilduk ez duela Berrikuntzaren alde egiten eta, are gehiago, ez duela plangintzarik.

Halaber, Markel Olanok Martin Garitano diputatu nagusiari eskatu dio, errudunak bilatzeari uzteko eta gainerako erakundeekin elkarlana bultzatzeko Gipuzkoarentzat garrantzitsuak diren gaiei aurre egiteko.

Azkenik, Olanok krisiari aurre egiteko EAJ-PNVren apustua berretsi du: “Ezinbestekoa da enpresen lehiakortasuna bultzatzeko berrikuntza eta atzerrira ateratzeko gaitasuna sustatzea. Era berean, arazoak dituzten enpresei lagundu behar diegu eta langile gaitu gazte gipuzkoarren kontratazioa bultzatu behar dugu”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario