10 de julio de 2013

EAJ-PNV-K SALATU DU BILDUK GUZTIZ IREKIA UTZI DUELA GIPUZKOARREI ERREPIDE GUZTIAK ERABILTZEAGATIK KOBRATZEKO AUKERA



Aintzane Oiarbide jeltzaleak esan du, erabiltzaileek  ViaT delako sistema izan beharko dutela eta, gainera, litekeena dela gutxieneko bidaia kopurua egin behar izatea beherapenak izateko. 



EAJ-PNVren batzarkide Aintzane Oiarbidek salatu du, gaur, Bilduk guztiz irekia utzi duela gipuzkoarrei errepide guztiak erabiltzeagatik kobratzeko aukera. Adierazpenok egin ditu, Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide-Azpiegituretako foru diputatuak Gipuzkoako Batzar Nagusietako taldeekin egindako bileren ondoren.

Ildo beretik, Ugartek berak taldeei emandako dokumentua aztertu ondoren, Oiarbidek honakoa esan du: “Bidesariak arkuen bidez kobratzeak segidako alde txarrak ditu: kudeatzeko zailagoa da; iruzur egiteko aukera dago, izan ere, kontrolatzeko oso zaila da; eta zalantza legalak ditu, diputatuaren beraren txostenean argiten den bezala”.  

Era berean, batzarkide jeltzalearen ustez, berritasun bakarra dago: ibilgailu arinek ordaindu behar izango dute errepideak erabiltzeagatik eta, hori, Mugikortasun eta Bide-Azpiegituretako foru diputatuaren beste kontraesan bat agerian uzten du. Horrenbestez, EAJ-PNVren batzarkideak adierazi du, erabiltzaileek ViaT delako sistema izan beharko dutela eta, gainera, litekeena dela gutxieneko bidaia kopurua egin behar izatea beherapenak izateko, txosten juridikoan aipatzen den bezala. 

Aintzane Oiarbidek, halaber, honakoa kritikatu du: “Larraitz Ugarteren proposamenak ez ditu nahita segidakoak argitzen: nola bereiziko dituen erabiltzaile gipuzkoarrak eta kanpokoak; nola itzuliko dien dirua gipuzkoarrei errepideak erabili ostean; eta nola bideratuko dituen beherapenak. Are gehiago, Ugartek dio, txostenean bertan azalduta dagoela beherapenak aurrekontuetako diru-laguntzen bidez egingo direla, baina aitzitik, ez du ezer azalpen hori ez da inon ageri”.

Gainera, Oiarbidek salatu du, oso larria dela eta aurrekaririk ez duela, foru diputatuak argiratatzea arkuak jartzeko proiektua eta lana egiteko baldintzak, trafiko handiko errepideak finantzatzeko Foru Araua onartu baino lehen. Aintzane Oiarbideren ustez, foru diputatua noraezean dabil.

Azkenik, Oiarbideren iritziz, bidesarien gaineko proposamenak argi uzten du Larraitz Ugarteren kudeaketa kaskarra Bide-Azpiegituretako departamentuan: “Ugarte foru diputatuaren kudeaketa kaskarrak eraginak izan ditu, dagoeneko, gipuzkoarrongan, izan ere, akats handiak egin ditu: 1) aurreikusitakoa baino 8.542.000 euro gehiago gastatu zituen 2012an errepideetako obretan zein mantentze-lanetan; 2) egun, Foru Aldundia egiten ari den lan bakarrak, hain zuzen ere, Deskargako tunelaren lanak, urtebeteko atzerapena du eta kostu gehigarriak oso handiak dira; eta 3) foru diputatuak berak egindako aurreikuspenek huts egin dute bidesariak diruz laguntzeko programan eta, beraz, nahiz eta foru diputatuak diru-laguntzak urtean 1,2 milioi eurokoak esango zirela esan zuen, azkeneko datuek, ordea, diote oraingoz 5 milioi euro baino gehiagokoa izango dela diru laguntzen kostua. Gainera, egun, ez du azalpenik egin Batzar Nagusietan eta, ondorioz, gardentasun eza nabaria da”.   

Hori guztia dela eta, Aintzane Oiarbidek, honakoa salatu du: “Bilduk hausnartu gabeko erabakiak hartzen ditu eta, ondorioz, Gipuzkoa denbora eta dirua galtzen ari da. Izan ere, Larraitz Ugarte foru diputatuak uneoro lortu nahi izan ditu komunikabideetan izenburu deigarriak jartzea, nahiz eta ideia zehatzik ez eduki. Eta, bitartean, legealdi erdia igaro da eta kamioilari atzerritarrek Gipuzkoa zeharkatzen jarraitzen dute ezer ordaindu gabe. Eta, ondorioz, gipuzkoarrok ordaindu behar ditugu errepideen mantentze-lanak”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario