Aintzane Oiarbide jeltzaleak Mugikortasun eta Bide-Azpiegituretako foru
diputatuari eskatu dio, errepideak finantzatzeko proposamena aurkezteko behingoz.
Mugikortasun eta
Bide-Azpiegituretako foru diputatu Larraitz Ugartek eta Nafarroako Gobernuko
Sustapen kontseilari Luis Zarraluquik bilera egin zuten atzo. Bertan, besteak
beste, errepideen finantziazioari buruz hitz egin zuten. EAJ-PNVren batzarkide
Aintzane Oiarbideren ustez, agerian gelditu da, beste behin ere, Bilduren
aginteko Foru Aldundiaren kudeaketa kaos bat dela, eta honakoa eskatu dio:
“Aurkezteko, behingoz, errepideak finantzatzeko duen proposamena – baldin eta
proposamenik badu – eta, gainera, proposamena Batzar Nagusietako gainerako
alderdi politikoekin adosteko”.
Era berean, EAJ-PNVren
batzarkideak Bilduri egotzi dio hainbat alditan bidesarien gaineko iritzia
aldatu izana: “Hasieran, Bilduk ‘peajerik ez’ goiburua erabili zuen, besteak
beste, Etxegaraten atzerriko kamioilarientzat bidesaririk ez jartzeko. Ondoren,
2012ko martxoaren 15ean Bilduren aginteko Foru Aldundiak esan zuen,
gipuzkoarrok gaitasun handiko errepideetan bidesariak ordaindu beharko
genituztela. Eta, azkenik, Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako foru
diputatuak berak iragarri du, ardku elektronikoak ezarriko dituela gaitasun
handiko errepideetan bidesaria kobratzeko. Hala ere, egun, foru diputatuak ez
du argitu, besteak beste, nortzuk ordaindu beharko duten, zenbat ordaindu
beharko den eta sistema arrakastatsua izateko teknika- eta
kontrol-zehaztapenak”.
Ildo beretik, Oiarbidek
segidakoa esan du: “Egun, Bide-Azpiegituretako foru diputatuak ez die bere
proposamena idatziz aurkeztu gainerako alderdi politikoen ordezkariei.
Proposamen horretan foru diputatuak honakoak zehaztu beharko ditu: Gipuzkoako
errepideak finantzatzeko planaren helburuak, egitekoak eta ekonomia- eta
finantza-azterketak”. Horrenbestez, batzarkide jeltzaleak salatu du, Larraitz
Ugarte foru diputatuaren kudeaketa kaos bat dela eta aldez aurretik pentsatu
gabeko erabakiak hartzen dituela. Ondorioz, orain arteko errepideen gaineko
adostasun guztiak apurtu ditu. Are gehiago: “Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du
Europaren babesik gai honetan”.
Halaber, Oiarbidek
kritikatu du Larraitz Ugarteren kudeaketa Bide-Azpiegituretako departamentuan:
“Ugarteren kudeaketa kaxkarrak eraginak izan ditu, dagoeneko, gipuzkoarrongan,
izan ere akats handiak egin ditu orain arte egindakoetan: 1) aurreikusitakoa
baino 8.542.000 euro gehiago gastatu zituen 2012an errepideetako obretan zein
mantentze-lanetan; 2) egun, Foru Aldundia egiten ari den lan bakarrak, hain
zuzen ere, Deskargako tunelaren lanak, urtebeteko atzerapena du eta
gain-kostuak oso handiak dira; eta 3) foru diputatuak berak egindako
aurreikuspenek huts egin dute bidesarien diru-laguntzen programaren gainean
eta, beraz, nahiz eta foru diputatuak diru-laguntzak urtean 1,2 milioi eurokoak
esango zirela esan zuen, azkeneko datuek, ordea, diote momentuz 5 milioi euroak
gaindituko direla. Gainera, egun, ez du azalpenik egin Batzar Nagusietan eta,
ondorioz, gardentasun eza nabaria da”.
Hori guztia dela eta,
Aintzane Oiarbidek, honakoa salatu du: “Bilduk aurretik hausnartu gabeko
erabakiak hartzen ditu eta, ondorioz, Gipuzkoa denbora eta dirua galtzen ari
da. Izan ere, Larraitz Ugarte foru diputatuak bilatu du komunikabideetan
idazpuru handiak jartzea, nahiz eta bere ideiak zehatzak ez izan. Eta,
bitartean, legealdi erdia igaro da eta atzerriko kamioilariek Gipuzkoa zeharkatzen
dute ezer ordaindu gabe. Beraz, gipuzkoarrok ordaintzen ditugu errepideen
mantentze-lanak”.
Azkenik, Oiarbidek
Larraitz Ugarteri eskatu dio, jarrera aldatzeko; proposamena behingoz
aurkezteko; gainerako erakundeekin – Iparraldekoak barne – elkarlanean
aritzeko; eta adosteko gainerako alderdi politikoekin Gipuzkoako errepideak
finantzatzeko modu egokiena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario