Jeltzaleen batzarkide taldearen
bozeramaile Markel Olanok esan du, Bilduren aginteko Foru Aldundiak agerian
utzi du isolatuta dagoela, izan ere ez du komunikaziorik gainerako Gipuzkoako
alderdi politikoekin.
Ikasturte politikoaren hasieran, EAJ-PNVk 97 babes
eskarera egin dizkio Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mahaiari, izan ere, Bilduren
aginteko Foru Aldundiak ez ditu betetzen Batzar Nagusien gehiengoak
adostutakoak. Markel Olano
jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramailearen ustez, ezhoikoa da oposizioko
alderdi batek babesa eskatzeko helegiteak egin behar izana, Foru Aldundiak
ebazpenak betetzen ez dituelako. Gainera, gero eta gehiago dira Bilduren
aginteko Foru Aldundiak betetzen ez dituen ebazpenak: iaz EAJ-PNVk 15 babes
eskaera egin zituen eta aurten, aldiz, jeltzaleek 97 egin dituzte.
Horren harira, Olanok salatu du, Bilduk ez duela ez
kultura politikorik ez demokratikorik: “Bilduk Batzar Nagusiak aintzat hartzen
ditu soilik interesa duenean. Baina bere iritziaren kontrako erabakiak hartzen
dituztenean Bilduk bizkar ematen die Batzar Nagusiei zein gipuzkoarron
ordezkariei”.
Era berean, EAJ-PNV batzarkide taldearen eledunak
honakoa esan du: “Nabaria da Bilduren aginteko Foru Aldundiaren eraginkortasun
eza, izan ere ez ditu errespetatzen Batzar Nagusietan hartutako erabakiak.
Bilduk Batzar Nagusiei kasu egiten die bakarrik gehiengoa duenean; baina
aitzitik, bere proposamenak adosteko babesik ez duenean, Batzar Nagusien aurka
egiten du eta, hori, onartezina da”.
Halaber, Markel Olanok segidakoa azaldu du: “Batzar
Nagusietako araudiak 162.2 artikuluan honakoa dio: Foru Aldundiak mozio baten
gaineko informaziorik ematen ez duenean, batzarkide taldeek eskubidea dute
eskatzeko gaia hurrengo osoko bilkurako gai zerrendan sartzeko eta,
horrenbestez, Foru Aldundia derrigortuko dute ebazpen horri buruzko azalpenak
ematera”.
Azkenik, jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramailearen
iritziz, Bilduren aginteko Foru Aldundiak agerian utzi du isolatuta dagoela,
izan ere ez du komunikaziorik gainerako Gipuzkoako alderdi politikoekin, ezta
lurraldearen gizartearen eta ekonomiaren eragileekin ere. Beraz, Bilduren
jarrera oso larria da eta, are gehiago, egun elkarrizketa, erakundeekiko
errespetua eta adostasunak betetzea inoiz baino beharrezkoak direnean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario