Jeltzaleen
batzarkide Aintzane Oiarbideren iritziz, Bilduren aginteko Foru Aldundiak
aurkeztutako errepideak finantzatzeko sistemak akats ugari ditu.
Mugikortasuneko eta Bide
Azpiegituretako foru diputatu Larraitz Ugartek eta Foru Aldundiaren teknikariek
arkupe-sistema aurkeztu dute Batzar Nagusietan, hain zuzen, Foru Aldundiak
Gipuzkoako errepideen mantentze-lanak finantzatzeko proposatu duen sistema.
EAJ-PNVren batzarkide Aintzane Oiarbideren iritziz, Mugikortasun eta
Bide-Azpiegituretako foru diputatuak ez du bere hitzaldian ezta behin ere
aipatu, arkupe-sistema ezartzeko helburua dela Bidegiren inbertsioari aurre egitea
– gogoan izan Bilduren aginteko Foru Aldundiaren goiburua hori izan dela
agintea hartu zuenetik –, baizik eta, uneoro esan du, arkupe-sistema Gipuzkoako
errepideen mantentze-lanak ordaintzeko dela.
Horren harira, Foru
Aldundiak Batzar Nagusietan aurkeztutako ereduari buruz, Oiarbidek honakoa esan
du: “Ereduak akats ugari ditu eta, era berean, oso garestia da arkuak jartzea, arkuak
kudeatzea eta arkuen mantentze-lanak egitea. Gainera, ereduak ez du argitzen
nola ordainaraziko zaien Gipuzkoa ordaindu gabe zeharkatuko duten ibilgailuei”.
Horrenbestez, EAJ-PNVren batzarkideak gogoratu du, hasieratik jeltzaleen
helburua izan dela atzerriko kamioek ordainaraztea Gipuzkoa zeharkatzeagatik,
errepideen mantentze-lanen kostuari aurre egiteko. Baina aitzitik, EAJ-PNVren
ustez, arkupe-sistemak ez du bermatzen atzerriko kamioiek ordaintzea errepideak
erabiltzeagatik.
Era berean, jeltzaleen
hautetsiak arkupe-sistemaren bideragarritasunari buruzko EAJ-PNVren zalantzak
azaldu ditu: “Arkupe-sistemaren kudeatzeak oso zaila izan behar du. Beraz,
ezinbestekoa da jakitea zenbateko kostua izango duen sistema kudeatzeko behar
diren lan-taldea eta baliabideak”.
Aintzane Oiarbidek,
halaber, segidakoa adierazi du: “Ados gaude Europar Batasunaren iritziarekin,
alegia, errepideak erabiltzeagatik ordaindu behar izatearekin. Horiek horrela,
beti izan da EAJ-PNVren helburua Gipuzkoa zeharkatzen duten atzerriko
kaimioilariei ordainaraztea. Izan ere, trafiko mota horrek ez dio Gipuzkoari
etekinik ematen eta, aldiz, errepideak erabiltzen ditu eta ez du ordaintzen
mantentze-lanak egiteko. Hala ere, gai honen gainean badago zalantza gehiago:
baldin eta arkupeetatik pasatzeko gailuak zerbitzuguneetan erosi behar badira,
nola bermatuko da atzerriko gidari horiek geldituko direla – esaterako, Irunen
edo Behobian – eta gailua erosiko dutela 45minutuko edo 80 kilometroko
ibilbidea egiteko?”.
Azkenik, Oiarbidek
Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide-Azpiegituretako foru diputatuari eskatu
dio, argitzeko, lehenik, zein fasetan dagoen Ibilgailu Astunen gaineko Foru
Araua; bigarrenik, Ibilgailu Arinen gaineko Foru Araua egiteko asmorik duen;
eta, azkenik, N-I errepidea konponduko duen arkupe-sistema edo adosten den
sistema jarri aurretik”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario