Jeltzaleen
batzarkide-taldearen bozeramaile Markel Olanok aditzera eman du, EAJ-PNVk
presako proposamena egin duela Foru
Aldundiak Inbiomedi 400.000 euro emateko, hain zuzen ere, defizitaren
banaketaren 18 milioi euroen gaineko Foru Arauan onartutako diru-laguntza
2013ko abenduaren 13a baino lehen emateko.
EAJ-PNVren batzarkide
taldeak presako proposamena egin du Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Bertan, jeltzaleek
Foru Aldundiari eskatu diote, 2013ko abenduaren 31a baino lehen Inbiomedi 400.000
euro emateko, hain zuzen ere, defizitaren banaketaren 18 milioi euroen gaineko
Foru Arauan onartutakoa emateko. EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile
Markel Olanok Bilduri eskatu dio, Inbiomedi bizkar ez emateko. Horren harira,
segidakoa gogoratu du: “Bilduren aginteko Foru Aldundiaren bozeramaile Larraitz
Ugartek adierazpen kezkagarriak egin zituen Inbiomedi buruz. Ugartek esan zuen,
Foru Aldundia prest dagoela, orain, Inbiomedi 150.000 euroko diru-laguntza
emateko eta beste 250.000 euro emango dizkiola baldin eta erakundeen arteko
akordioa lortzen bada. Jarrera horrek ez du bat egiten Eusko Jaurlaritzaren
erabakiarekin, hau da, Inbiomedi 2013ko abenduaren 31a baino lehen 400.000 euro
emateko erabakiarekin”.
Era berean, Olanok
honakoa esan du: “Inbiomeden egoera oso larria da, beraz, beharrezkoa da
lehenbailehen 400.000 euroko diru-laguntza ematea, hain zuzen ere, Bildu eta
EAJ-PNV alderdiek adostutako 18 milioi euroko foru dekretua onartzeko akordioa
betetzeko laguntza ematea”. Halaber, EAJ-PNVren bozeramaileak gogoratu du,
sinatutako akordioari esker Foru Araua onartu zela eta, ondorioz, Foru
Aldundiak derrigorrez onartutakoa bete behar duela. Hori dela eta, Markel Olanoren
iritziz, onartezina da Foru Aldundiaren jarrera eta, beraz, EAJ-PNVk presako
proposamena egin duela Batzar Nagusietan, Bilduren aginteko Foru Aldundiak
jarrera aldatzeko; izan ere, Bildu ez da EAJ-PNVrekin sinatutako hitzarmena
betetzen ari.
Azkenik, Markel Olanok
Bilduri eskatu dio, Batzar Nagusietan onartutakoa betetzeko eta bere jarrera
aldatzeko. Izan ere, onartezina da, alde batetik, Bildu gainerako erakundeekiko
jarrera oldarkorra izatea eta Inbiomedekin konpromiso handiagoa izateko
eskatzea; eta bestetik, Bilduk erabakitzea Batzar Nagusietan Foru Arau baten
bidez onartutako ekarpena baldintzatzea eta gutxitzea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario