27 de noviembre de 2013

EAJ-PNV-K ESAN DU, ZERGA-ITUNARI ESKER EKONOMIA SUSTATUKO DELA, FINANTZA-NAHIKOTASUNA LORTUKO DELA ETA ZERBITZU PUBLIKOAK MANTENDUKO DIRELA

Batzarkide jeltzale Jose Corchonen iritziz, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatu Helena Francok neurri gabe jokatu du eta, nahiz eta zerga-ituna Euskadirentzat ona den, iragarpen apokaliptikoak egin ditu, betiere, herritarrak beldurtzeko. Baina Helena Francok lortu duen gauza bakarra honakoa da: bere frustrazioa agerian uztea.


Gipuzkoako Batzar Nagusiek izapidetzea onartu dituzte EAJ-PNV, PSE eta PP alderdiek egindako zerga-arloko hiru Foru Arau proposamenak. EAJ-PNVren batzarkide Jose Corchonek esan du, hiru foru arau proposamenak – hain zuzen ere, Oinordetzen gaineko Zergari buruzkoa, Sozietateen gaineko Zergari buruzkoa eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoa -  hiru alderdien artean adostu direla, hain zuzen ere, EAJ-PNV, PSE eta PP alderdien artean, eta, horiek adosteko, aipatutako hiru alderdiek lan handia egn behar izan dutela, betiere, Euskadirentzat ona den zerga-ituna lortzeko. Horren harira, Corchonek azpimarratu du zerga-itunaren helburua honakoa dela: ekonomia sustatzea, finantza-nahikotasuna lortzea eta zerbitzu publikoak mantentzea.

Era berean, EAJ-PNVren batzarkideak honakoa azaldu du: “Tamalez Bilduk ez du akordioarekin bat egin nahi izan. Are gehiago: ezker abertzaleak hasieratik zerga-itunaren aurka egin du eta Euskadiren interesen aurkako alderdikeria egin du. Hain zuzen ere, Bilduk lehenetsi du liskarra bilatzea, eta ez du inoiz akordioa lortzearen alde egin”. Hortaz, jeltzaleen batzarkideak salatu du, Bilduren aginteko Foru Aldundia etengabe oztopatzen saiatu dela zerga aldaketa, betiere, aldaketa hori atzeratzeko, hain zuzen ere, Euskadirentzat ona den aldaketa atzeratzeko. Eta horretarako, Bildu Ogasun departamentuaren tekinkariez eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariaz baliatu da – gogoan izan, Batzar Nagusietako lehendakariak osoko bilkura astebete atzeratu duela, Batzar Nagusien Mahaiaren eta Bozeramaileen batzordearen gehiengoaren nahiaren aurka, nahiz eta, EAJ-PNV, PSE eta PP alderdiek arau-egutegia apearen barruan aurkeztu zuten –. 

Jose Corchonek, halaber, Bilduri segidakoa eskatu dio: “Jarrera eta estrategia aldatzeko. Izan ere, onartezina da entzutea Bilduk lortutako akordioak beti onak direla eta, aldiz, besteok akordioak egiten ditugunean – hain zuzen ere, Bilduk parte-hartu nahi izan ez duen akordioa – herritarrentzako kaltegarriak direla. Horrek agerian uzten du zein den Bilduren kultura demokratikoa”. Horrenbestez, Corchonek Bilduri gogorarazi dio, hiru foru arauen talde-proposatzaileek herritar gehienak ordezkatzen dituztela Batzar Nagusietan eta, ondorioz, foru arauak zuzenbide-segurtasun osoz onartuko direla, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuari gustatu ala ez.


Azkenik, EAJ-PNVren hautetsiak Foru Alndudiari eskatu dio arduratsua izateko. Izan ere, onartezina da Bilduren aginteko Foru Aldundiak ekarpenik ez egitea eta bakarrik foru arauen izapidetzea oztopatzen saiatzea. Beraz, Helena Francok neurri gabe jokatu du du eta, nahiz eta zerga-ituna Euskadirentzat ona den, iragarpen apokaliptikoak egin ditu, betiere, herritarrak beldurtzeko. Baina guztiz kontrakoa lortu du Francok, izan ere, bere frustrazioa agerian utzi du.  Hori guztia dela eta, Jose Corchonek Helena Franco foru diputatuari honakoa eskatu dio: “Jarrera aldatzeko eta foru arau proposamenei ekarpenak egiteko. Izan ere, EAJ-PNV hitz egiteko eta akordioak lortzeko prest dago. Hori da, hain zuzen ere, herritarrek alderdioi eskatzen digutena: aurrera egiteko akordioak egiteko eta, ez ordea, liskarra bilatzeko. Baina aitzitik, Bilduren aginteko Foru Aldundiaren jarrera bestelakoa da: Bilduk gobernatu ordez erabaki du oposizioari eta lehengo legealdiko EAJ-PNVren aginteko Foru Aldundiari aurka egitea. Eta erabaki horrek zaildu egiten du herritarrek eskatzen dituzten akordioak egitea”. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario