20 de noviembre de 2013

EAJ-PNV-REN USTEZ, ZABORTEGIAK DIRA BILDUREN ESTRATEGIA EPE LABURREAN ETA LUZEAN



Batzarkide jeltzale Xabier Ezeizabarrenak salatu du, Foru Aldundiak errealitatearen irakurketa triunfalista egin duela eta, ondorioz, tranpa politiko eta juridikoa egin duela. Izan ere, ez du martxan jarri ez hondakinak tratatzeko azpiegiturarik, ez azken fasea egiteko sistemarik. 



EAJ-PNVren batzarkide Xabier Ezeizabarrenak argi hitz egin du gaur goizean Foru Aldundiaren hondakinen kudeaketari buruz: “Zabortegiak dira Bilduren estrategia epe laburrean eta luzean. Izan ere, Foru Aldundiak esan du azpiegiturak egin ahala zabortegiak itxiko dituela. Baina aitzitik, Foru Aldundiak ez du, oraindik, ezer egin eta, ondorioz, epe laburrean zabortegiak irekita izan beharko ditu. Gainera, ezin dugu ahaztu, Bilduren asmoa – hain zuzen ere, Batzar Nagusietan hitzaldi batean aurkeztutako asmoa – hondakin fardelak jasotzeko biltegiak egitea dela, hau da, zabortegi berriak irekitzea dela”.

Horren harira, Ezeizabarrenaren iritziz, egoera larria da, eta segidakoa salatu du: “Foru Aldundiak gaiari buruzko irakurketa triunfalista egin du. Atzo, Larraitz Ugarte bozeramaileak berak erakunde-adierazpena irakurri zuen eta ‘Gipuzkoa berria eraikitzen’ ari zirela esan zuen. Hori esatea oso larria da, izan ere, atzo bertan, Donostian, merkataritzako epaileak Fagor-en hartzekodunen konkurtsoa izapidetu zuen. Eta hori gutxi balitz, aste honetan bertan, jakin izan dugu Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak (GHK) errausketa-instalazioa ez eraikitzeko 14 milioi euro ordaindu dizkiela instalazioa eraikitzeko ardura zuten enpresei”.

EAJ-PNVren batzarkideak, halaber, honakoa esan du: “Bilduk tranpa politiko eta juridikoa egin du, izan ere, errausketa-instalazioa gelditu du, baina ez du bultzatu instalazio hori ordezkatzeko beste azpiegiturarik. Beraz, Bilduk hondakinen kudeaketa gelditu du eta, ondorioz, egoera larria da, zabortegiak irekita jarraituko dutelako eta, horrek, Zarauzko, Beasaingo eta Azpeitiako herritarrei kalte handiak sortuko dizkielako”.

Azkenik, Xabier Ezeizabarrenak salatu du, Bilduren estrategia – hain zuzen ere, egungo zabortegiak irekita mantetzeko eta zabortegi berriak irekitzeko estrategia – Europa Batasunaren iritziaren aurkakoa da (2008/98 zuzentaraua). Beraz, horrek guztiak agerian uzten du, Bilduk helburu bakarra zuela: errausketa-instalazioa gelditzea, betiere, beste plangintzarik egin gabe, eta ekonomia-, zuzenbide- eta ingurumen-ondorioak kontuan izan gabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario