10 de noviembre de 2013

MARKEL OLANO: “TERRORISMOAREN BIKTIMAK PAREKATZEARI BURUZKO BELDURRAK EZIN GAITU BIKTIMAK DISKRIMINATZERA ERAMAN”.

EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramailearen ustez, terrorismoaren eta bortizkeriaren biktimekiko errespetuak, maitasunak eta estimuak izan behar dute bake prozesuaren oinarrietako bat.


Gipuzkoako Batzar Nagusiek terrorismoaren eta bortizkeriaren biktimak omentzeko ekitaldia egin dute gaur goizean, Memoriaren eguna dela eta. Batzarkideek lore-eskeintza egin dute biktimak omentzeko monumentuaren ondoan, hain zuzen ere, Batzar Nagusietako atean. Behin ekitaldia amaituta, EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok honakoa esan du: “Gaurko ekitaldiak balio handia du, izan ere, Euskadin bortizkeriak eta terrorismoak eragindako biktima guztiak omentzen ditugu”. 

Horren harira, Olanok adierazi du EAJ-PNVk printzipio bat argi duela, hain zuzen ere, segidakoa: “Terrorismoaren biktimak parekatzeari buruzko beldurrak ezin gaitu biktimak diskriminatzera eraman. Horregatik, oso garrantzitsua da biktimak omentzeko ekitaldiak egitea, bai gaur bai bizi dugun bake prozesua irauten duen bitartean”.

Era berean, Markel Olanok azpimarratu du, oso garrantzitsua dela biktimekiko errespetua, maitasuna eta estimua izatea. Eta printzipio horrek izan behar du egun bizi dugun bake prozesuaren oinarria. Biktimekiko errespetua eta biktimak egoki tratatzea ezinbestekoa izango da etorkizunean Euskadin.


Azkenik, jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaileak azpimarratu du, oso garrantzitsua dela Giza Eskubideen printzipio unibertsala errespetatzea eta, gainera, bortizkeriak eta terrorismoak eragindako sufrimenduarekin sentiberak izatea. Oso garrantzitsua da sufrimendu guztiekin sentiberak izatea, beraz, ezinbestekoa izango da bake prozesuari heltzea aipatuetako printzipioetan oinarrituta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario