Batzarkide
jeltzale Eider Mendozak gogorarazi du, araudi-egutegia ezinbestekoa dela foru
gobernuak arauen plangintza egiteko eta Batzar Nagusiek kontrol lana egiteko.
EAJ-PNVren batzarkide
taldeak gaur goizean salatu du Bilduk ez duela oraindik egin araudi-egutegia,
hain zuzen ere, Foru Aldundiaren legealdi osorako aurreikuspena jasotzen duen
araudi-egutegia. Horren harira, EAJ-PNVren batzarkide Eider Mendozak honakoa
esan du: “Bi urte eta erdi pasa dira Bilduk Foru Aldundiaren agintea hartu
zuenetik eta, oraindik, ez dugu bere araudi-aurreikuspenik legealdi osorako,
nahiz eta behin eta berriro egiteko eskatu diogun, mozioez eta ebazpen
proposamenez baliatuz”.
Horiek horrela, Mendozak
gogorarazi du, araudi-egutegia ezinbestekoa dela foru gobernuarentzat, arauen
plangintza egiteko, eta Batzar Nagusientzat, kontrol lana egiteko. Hortaz,
EAJ-PNVren batzarkideak segidakoa azaldu du: “EAJ-PNVk behin eta berriro foru
gobernuari eskatu dio foru arauen gaineko araudi-egutegia egiteko eta, bertan,
zehazteko legealdian zehar egingo dituen foru arauen datak. Baina aitzitik, gaur
jaso dugu Bilduren aginteko Foru Aldundiaren azkeneko araudi-egutegi
proposamena eta, bertan, egingo dituen arauen zerrenda dago, baina daten
arrastorik ez. Beraz, hori ez da araudi-egutegia, baizik eta zerrenda bat”.
Era berean, batzarkide
jeltzaleak gogorarazi du, legealdia hasi zenean, 2011ko urrian, EAJ-PNVk
Bilduren foru gobernuari eskatu ziola foru arau proiektuen araudi-egutegia
egiteko; baina aitzitik, Bilduk ez zuen kasurik egin. Horrenbestez, Eider Mendozak segidakoa azaldu
du: “2012ko Politika Orokorreko osoko bilkuran, Batzar Nagusiek Foru Aldundiari
eskatu zioten 2012ko urria baino lehen araudi-egutegia egiteko. Foru Aldundiak
2012ko abenduan erantzun zuen, baina batzarkide taldeei igorri zien
informazioan ez zeuden Bilduk hartutako konpromisoak.”.
Azkenik, hona hemen
hautetsi jeltzalearen hitzak: “2013ko Politika Orokorreko osoko bilkuran Batzar
Nagusiek Foru Aldundiari eskatu zioten, beste behin, legealdi osorako
araudi-egutegia egiteko, EAJ-PNVren ekimenez. Behin eskaria egin eta bi
haliabete igarota, Foru Aldundiak foru arauen zerrenda bidali du eta ez, ordea,
legealdiaren hasieratik eskatu diogun araudi-egutegia. Beraz, Bilduren foru
gobernuak jarrera harroputza du, hain zuzen, gipuzkoarron interesen alde
egiteko erakunde batek eduki behar ez duen jarrera”. Hori guztia dela eta,
Mendozak aditzera eman du, EAJ-PNVren batzarkide taldeak interpelazioa egingo
duela Foru Aldundiaren jarrera gaitzesteko eta, ondorioz, jarrera hori
lehenbailehen aldatzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario