23 de diciembre de 2013

MARKEL OLANO: “EAJ-PNV-K JARRERA ARDURATSUA IZAN DU ETA, ONDORIOZ EUSKAL ERAKUNDE GUZTIEK 2014. URTEAN AURREKONTUA IZANGO DUTE”



Batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaileak aditzera eman du, nahiz eta akordioa lortu duen EAJ-PNVk ekonomia sustatzeko Foru Arau proposamena lantzen jarraituko duela.



Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2014. urterako Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontua onartu dute. EAJ-PNVren abstentzioak ahalbidetu du aurrekontuaren onarpena. Horren harira, batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaile Markel Olanok segidakoa esan du: “EAJ-PNV-ri esker, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde guztiek 2014. urtean aurrekontua izango dute. Eta hori, berri oso ona da, izan ere erakundeek aurrekontuak behar dituzte krisiari aurre egiteko. Hau da, aurrekontua ezinbesteko tresna da krisiari aurre egiteko”.

Era berean, Olanok adierazi du, EAJ-PNVk jarrera arduratsua izan duela, baina horrek ez duela esan nahi ezker abertzalearekin liskar politikoa amaitu denik. Horiek horrela, jeltzaleen bozeramaileak salatu du, Bilduk alderdikeriaz baliatu dela Euskadiko aurrekontuak ez ahalbidetzeko, eta honakoa azpimarratu du: “Bilduk Eusko Legebiltzarrean osoko zuzenketa egin die aurrekontuei. Ez du negoziatu izan nahi. Gipuzkoan, ordea, EAJ-PNVk kontrakoa egin du, jarrera arduratsua izan du, negoziatu du eta akordioa lortu du Bildurekin”.

Halaber, EAJ-PNVren batzarkide-taldearen eledunaren iritziz, lortutako akordioa ona da, izan ere, lehengo urteetako akordioak hobetzen dituelako. Hain zuzen ere, 2014. urteko akordioak bikoiztu egiten du lehengo bi urteetako akordioek krisiari aurre egiteko zuten aurrekontu-sailak. Beraz, enpresentzako eta langileentzako tresna oso egokia da krisiari aurre egiteko, baina ez da nahikoa. Markel Olanoren ustez, ezinbestekoa da epe ertain eta luzerako krisiari aurre egiteko plana egitea. Hori dela eta, Olanok aditzera eman du, EAJ-PNVk ekonomia sustatzeko Foru Arau proposamena lantzen jarraituko duela.

Azkenik, hona hemen Markel Olanoren hitzak: “Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde guztiek aurrekontua izango dute eta, ondorioz, erakundeen arteko elkarlana bermatuko da. Era berean, Gipuzkoan akordioa betetzen dela bermatzeko, Bildurekin adostu dugu koordinazio-taldea sortzea. Talde horrek 6 partaide izango ditu eta hilero bilerak egingo ditugu. Beraz, lortutako akordioak kontrola egiteko tresna ere badu eta, hori, oso berri ona da”.  

No hay comentarios:

Publicar un comentario