5 de febrero de 2014

EAJ-PNV-K IÑAKI ERRAZKIN FORU DIPUTATUARI GOGORARAZI DIO SASIETA URTETAN EREDU IZAN DELA HONDAKINEN KUDEAKETAN



Batzarkide jeltzale Xabier Ezeizabarrenak Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuari gogorarazi dio, Itsasondo eta Lazkaoko ereduak – hain zuzen ere, egun Bilduk hainbat herritan babesten dituen eredua – lehengo legealdian martxan jarri zirela eta, orduan, Bilduk ez zuela Sasietako mankomunitatean agintzen. Era berean, Ezeizabarrenak gogorarazi dio Sasietan herritarren erdiak (%50) ez dituztela hondakinak jasotzen atez ateko bilketa-sistemaren bidez.



Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Iñaki Errazkinek prentsaurrekoa egin du gaur goizean. Bertan, Sasietako mankomunitatea zoriondu du birziklatze-tasan lortutako datuak direla eta. Horren harira, EAJ-PNVren batzarkide Xabier Ezeizabarrenak gogorarazi dio, Sasieta beti izan dela eredu hondakinen kudeaketan, izan ere, hondakinak edukiontzien bitartez jaso ditu.

Ildo beretik, Ezeizabarrenak honakoa esan du: “Itsasondo eta Lazkaoko ereduak – hain zuzen ere, egun Bilduk hainbat herritan babesten dituen ereduak eta, era berean, atez atekoa inposatzeko baztertu dituen ereduak – lehengo legealdian martxan jarri zirela eta, orduan, Bilduk ez zuela Sasietako mankomunitatean agintzen. Gainera, Sasietako mankomunitateko herritarren erdiak (%50) ez dituztela hondakinak jasotzen atez ateko bilketa-sistemaren bidez. Izan ere, Urretxu, Zumarraga, Besain edo Legazpin bosgarren edukiontziaren alde egin dute”.

Era berean, EAJ-PNVren batzarkideak adierazi du, Tolosaldean – foru diputatuak ere Tolosaldeari buruz hitz egin du prentsaurrekoan – Bilduk (orduan ANV) betoa jarri ziola bosgarren edukiontziaren bilketa-sistemari eta gauza bera egin zuela Debagoienan. Beraz, Errazkinek ezin ditu konparatu osoko sistemak eta bilketa sistemak. Hau da, ezin du esan orain materia organikoa jasotzen dela eta tasa jakin batzuk jasotzen direla, Bilduk organikoa jasotzea eragotzi duenean.

Xabier Ezeizabarrenak, halaber, segidakoa azpimarratu du: “Oso garrantzitsua da materia organikoa ere gaika biltzea. Hala ere, Bilduk ez du bete Sasietan bosgarren edukiontzia hedatzeko akordioa, hain zuzen ere, lehengo legealdian lortutako akordioa. Are gehiago: herritar gehienen iritziaren aurka atez atekoa inposatu du edo bosgarren edukiontziaren hedapena eragotzi du”.  Gainera, Ezeizabarrenak honakoa salatu du: “Iñaki Errazkinek esan du birziklatze-tasa %20 handitu dela, baina handitze hori ere bosgarren edukiontziarekin lortzen da, betiere, herritarrak kontzientziatuta eta sentsibilizatuta eta ez, ordea, atez atekoa inposatuta”.

Azkenik, hautesi jeltzaleak Iñaki Errazkini gogorarazi dio, birziklatu ezin denak hondakina izaten jarraitzen duela eta tratamenduaren azken fasearen hierarkian balorizazio-energetikoa zabortegiaren aurretik dagoela. Horrenbestez, Xabier Ezeizabarrenak Ingurumeneko foru diputatuari eskatu dio, alderdikeriaz ez baliatzeko tratamenduaren azken fasearen hierarkian aurrera egiteko; eta, era berean, bilketa-sistema ezberdinak daudela ez esateko, izan ere, foru diputatuak bakarrik atez atekoa babesten du eta, nahiz eta, proposamena garbiagoa, merkeagoa eta birziklatze-tasa hobeak dituen, edukiontzien bilketa-sistema baztertzen du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario