20 de febrero de 2014

EAJ-PNV-K SALATU DU ATZERATUKO DIRELA BAI EGUNGO ZABORTEGIEN ITXIERA, BAI EUROPAR BATASUNAREN AURKAKO ZABORTEGI BERRIEN IREKIERA



Batzarkide jeltzale Xabier Ezeizabarrenak gogorarazi du, Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Iñaki Errazkinek atzo aurkeztutako plangintzak ez duela Batzar Nagusien babesa. Beraz, berriro ere, agerian gelditu da Bilduren politika egiteko modua: bere eredua inposatzen du, betiere, kontuan hartu gabe indarreko araudia eta Europar Batasunaren zuzentarauak.



Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Iñaki Errazkinek atzo aditzera eman zuen Bilduren aginteko Foru Aldundiaren plangintza, hain zuzen ere, hondakinak kudeatzeko plangintza. Bertan, honakoak zehazten dira: Urtetako zabortegiaren itxiera 2014aren amaieran; Lapatx eta Sasieta zabortegien itxiera-epearen handitzea 2015 arte; egonkortutako hondakin-pardelen biltegia irekitzea; eta Zubietan konpost egiteko hiru planta eta hondakinen tratamendu mekaniko-biologikoa egiteko beste planta bat irekitzea. EAJ-PNVren batzarkide Xabier Ezeizabarrenak salatu du, Foru Aldundiaren plangintzak ez duela Batzar Nagusien babesa. Gogoan izan, Batzar Nagusiek eskumena dutela hondakinen kudeaketa arautzeko Gipuzkoan, izan ere, foru arau bate bidez egiten da. Beraz, berriro ere, agerian gelditu da Bilduren jarrera: bere tesiak inposatzea gehiengoa ez duenean.

Era berean, Ezeizabarrenak honakoa salatu du: “Atzeratuko dira, bai egungo zabortegien itxiera, bai zabortegi berrien irekiera, hain zuzen ere, Europar Batasunaren zuzentarauen aurkako zabortegiak”. Ezeizabarrenak azaldu duenez, zabortegiak 2014ko amaieran itxi behar ziren, beraz, Bilduk ez du bere hitza bete, hain zuzen ere, Urteta, Lapatx eta Sasietako zabortegiak hartzen dituzten herriekin hartutako hitza. Eta, gainera, Bilduk egonkortutako hondakin pardelak jasotzeko biltegia irekitzeko asmoa du eta, horrek guztiak, indarreko araudiaren eta Europar Batasunaren zuzentarauen kontra egiten du. Hortaz, EAJ-PNVren batzarkideak segidakoa esan du: “Iñaki Errazkin foru diputatuak ez du zehaztu ez zabortegi horien kokapena, ez zabortegi horiek irekitzeko administrazio-prozeduren egoera”.   

Batzarkide jeltzaleak, halaber, adierazi du, foru diputatuak emandako datuak ez daudela oinarrituta ez inongo azterketatan, ez txosten tekniko zehatzetan. Hau da, Iñaki Errazkinen hipotesiak okerrak dira, izan ere, bilketa eta tratamendu datuak ez dira batere zehatzak, kontuan izanda Biduk Gipuzkoako hainbat herritan atez atekoa inposatu duela eta uko egin diola bosgarren edukiontzia erabiltzeari. Beraz, berriro ere, agerian gelditu da Bilduk ez duela plangintza zehatzik eta seriorik hondakinen kudeaketaren azken fasea egiteko.

Bestalde, Xabier Ezeizabarrenak kritikatu du akordioak lortzeko Iñaki Errazkinen gaitasun eza: “Errazkinek ez du akordiorik egin nahi izan gainerako alderdiekin. Ez du akordiorik egin nahi izan gipuzkoarron onurarako – gogoan izan gipuzkoarrok indarreko hondakinak kudeatzeko plangintzaren aldekoak garela –. Hori egin ordez, nahiago du bere iritzia inposatu. Beraz, agerian gelditu da nolakoa den bere kudeatzeko eredua eta demokraziaren ikuspegia”.

Ingurumeneko foru diputatuak aditzera eman zituen azpiegitura berriei buruz, Ezeizabarrenak honakoa salatu du: “Zalantzak ditugu. Ez dugu uste Bergarako Epele konposta egiteko plantak ingurumen baimenak dituen ala ez, izan ere ez dira administrazio-prozedurak bete. Beraz, azpiegitura horren irekiera atzeratuko da. Horrenbestez, ez dugu uste Bilduren aginteko Foru Aldundiak epeak beteko dituenik, ez konposta egiteko plantak zein tratamendu mekaniko-biologikoa egiteko plantak irekitzeko, ez egungo zabortegiak ixteko”. Hortaz, hautetsi jeltzaleak adierazi du, egun ez dagoela ezta azpiegitura bat ere martxan eta ez dela egongo epe laburrean. Eta, hain zuzen ere, Epeleko planta da aurreratu den azpiegitura bakarra, baina, oraindik, ez du proiektuaren idazketa esleituta. Hau da, ia hiru urte igaro dira Bildu gobernatzen ari denetik eta ez du ezer egin hondakinak kudeatzeko arazoa kopontzeko Gipuzkoan.  

Azkenik, hona hemen EAJ-PNVren batzarkidearen hitzak: “Egoerak berdin jarraitzen du eta, bitartean, Iñaki Errazkinek argazkiak ateratzen ditu eta azpiegitura berriak eta zabortegi berriak irekiko dituela hitz ematen du – gogoan izan, zabortegi berriak irekitzea Europar Batasunaren zuzentaraen eta indarreko araudiaren aurka doala –. Beraz, denbora pasa da, eta Gipuzkoan hondakinak kudeatzeko arazoa konpontzeko epea laburtu da”. Era berean, Xabier Ezeizabarrenak aditzera eman du, EAJ-PNVk hurrengo astelehenean egingo den bileran parte hartuko duela. Hala ere, Ezeizabarrenaren ustez, ez da onargarria Iñaki Errazkinek esatea arduratsua izango dela eta oposizioko alderdiekin ados jartzen saiatuko dela eta, ondoren, guztiz kontrakoa egitea. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario