Batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaile Markel
Olanok Auzitegi Gorenari leporatu dio, gatazka politikoa elikatu izana eta
euskal herritar gehienak ordezkatzen ez dituen nazionalitatea inposatu izana.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dute Foru Aldundiari segidakoa
eskatzea: ikur bat jartzeko, hain zuzen ere, Espainiako banderaren inposizioa
eta adierazpen askatasunaren aldeko ikur bat. EAJ-PNVk, Bilduk eta Aralarren
proposamenaren alde bozkatu dute eta, aldiz, PSEk eta PPk aurka. Proposamena
batzarkide-talde jeltzaleak egin zuen, Auzitegi Gorenaren segidako epaiei
erantzuteko: lehenik, Espainiako banderaren inposizioa salatzeko Foru
Aldundiaren Gipuzkoa plazako eraikinean jarritako plaka kentzeko epaiari
erantzuteko; eta, bigarrenik, Espainiako bandera eraikinaren ohorezko leku
batean jartzeko epaiari erantzuteko.
Gogoratu behar da, gatazka 2010ean hasi zela. Orduan, Auzitegi Gorenak
Gipuzkoako Foru Aldundia – orduan EAJ-PNVk gobernatzen zuen eta Markel Olano
diputatu nagusia zen – behartu zuen Espainiako bandera Gipuzkoa plazako
eraikinean jartzera. Inposizio hori salatzeko, Foru Aldundiak plaka bat jarri
zuen eraikinaren sarreran eta, bertan, honakoa zehaztu zuen: “Espainiako
bandera jarrita dago legeak aginduta”. Baina, plaka jarri ondoren, 2011ko
azaroan, Auzitegi Gorenak beste epai bat egin zuen eta, bertan, Foru Aldundia
behartu zuen plaka kentzeko. Markel Olanok epai hura gogor kritikatu zuen – “adierazpen
askatasunaren aurkako erasoa da” – eta, era berean, honakoa eskatu zuen:
Gipuzkoako Foru Aldundiaren kanpoan, hain zuzen ere, Gipuzkoa plazan ikur bat
jartzeko, hain zuzen ere, gipuzkoar gehienon iritzia ordezkatzen ez duen
banderaren inposizioa salatzeko ikur bat.
Baina auzia ez da oraindik amaitu. Orain, Auzitegi Gorenak beste epai
bat egin du eta, bertan, Foru Aldundia behartu du espainiako bandera
eraikinaren ohoreko leku batean jartzera. Epai horren ondorioz, EAJ-PNVren
batzarkide taldeak eskatu du, berriro ere, Gipuzkoa plazan plaka bat jartzeko,
hain zuzen ere, auzitegiaren inposizioa salatzeko plaka bat. Izan ere,
jeltzaleen bozeramaile Markel Olanoren ustez, Auzitegi Gorenak bere iritzia
inposatu nahi du, baina aitzitik, ez du gipuzkoar eta euskal herritar gehienen
babesa.
Horren harira, Olanok honakoa esan du: “Auzitegi Gorenak gatazka
politikoa elikatu nahi izan du, izan ere, nazionalitate bat, hain zuzen ere,
Espainiako nazionalitatea, inposatu nahi izan digu. Baina aitzitik, euskal herritar
eta gipuzkoar gehienek ez dute nazionalitate horrekin bat egiten, euskaldunak
sentitzen direlako. Beraz, ikurriña da herritar gehienak ordezkatzen dituen
ikurra eta ez, ordea, Espainiako bandera”.
Era berean, EAJ-PNVren bozeramaileak segidakoa salatu du: “Auzitegi
Gorenak inposatu nahi digu ordezkatzen ez gaituen ikur bat eta, era berean,
agerian uzten du demokrazia ulertzeko bere era nolakoa den, izan ere, debekatu digu epaia salatzeko plaka bat jartzea. Eta hori, adierazpen
askatasunaren aurkako erasoa da. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako
Batzar Nagusietako ordezkari gehienen babesa du”.
Azkenik, hona hemen Markel Olanoren hitzak: “Hemen gauza bat gertatzen
ari da: gatazka nazional bat dugu konpontzeko. Eta konponbidea erabakitzeko eskubidea
da, hain zuzen ere, herritarrek bere etorkizuna askatasunez erabakitzeko duten
eskubidea. Nik neure estatua izan nahi dut, hain zuzen ere, bere
legeak ezartzen dituen beste esatatu bat. Eta legeak betetzen direla ziurtatzen
duten epaileak demokratikoki izendatu nahi ditut. Izan ere, horiek dira herri
honi dagozkion eskubide demokratikoak, subjetu politikoa baita”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario