9 de julio de 2014

EAJ-PNV-K SALATU DU LARRAITZ UGARTEK EZKUTATZEN JARRAITZEN DUELA HERRITAR GUZTIEI BIDESARIAK JARRI NAHI DIZKIELA



EAJ-PNVren batzarkide Joseba Antxustegik esan du, Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako foru diputatuaren jarrera arduragabea dela. Izan ere, ez du konpondu nahi errepidetako finantzaketaren eta mantentze-lanen gaineko arazoa eta, gainera, hurrengo legealdiko agintarien esku utziko du arazoa, Larraitz Ugartek berak hartu nahi izan ez dituen erabakiak hartzeko. Eta hori arduragabea, populista eta alderdikoia da.  



Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo aditzera eman zuen Deskargako gainean ez duela bidesaririk kobratuko. Behin Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako foru diputatu Larraitz Ugarteren adierazpenak entzunda, EAJ-PNVren batzarkide Joseba Antxustegik honakoa esan du: “Foru diputatuak pentsatu gabeko erabakiak hartzen jarraitzen du. Eta, ondorioz, azkeneko hiru urteotan iritzi ezberdinak izan ditu: lehenik, ‘peajerik ez’ goiburua babestu zuen; bigarrenik, herritar guztientzako bidesariak jartzea proposatu zuen – eta, horretarako, Arkupe Sistema proposatu zuen –; eta, azkenik, baldintzak jarri ditu bidesariak jartzeko, baina erabaki hori populista eta alderdikoia da.

Horiek horrela, Joseba Antxustegi jeltzaleak gogorarazi du, 2016-2017.urtetik aurrerako Bidegiren finantza-betebeharrak handitu direla eta arrazoia Deskargako lanak ordaintzeko maileguak direla. Beraz, Larraitz Ugartek azaldu beharko du nola ordainduko dituen maileguak. Hortaz, batzarkide jeltzaleak, foru diputatuari leporatu dio errepideak finantzatzeko eta mantentze-lanak egiteko sistema zalantzan jarri izana: “Larraitz Ugarteren jarreraren zein kudeaketa kaxkarraren ondorioz, errepideen finantzaketa zein mantentze-lanak aurrekontuen bidez ordaindu beharko dira. Eta, hori dela eta, gipuzkoarrok zerga gehiago ordaindu beharko ditugu. Beraz, foru diputatuari eskatzen diogu herritarrei gezurrik ez esateko eta, hortaz, ez esateko ez dutela ordainduko errepideak erabiltzeagatik”.

Gainera, Joseba Antxustegik honakoa salatu du: “Larraitz Ugartek aspaldi eman du amaitutzat legealdia. Eta lau urteko epean obra garrantzitsu bakarra egin du. Beraz, foru diputatuaren jarrera guztiz arduragabea da. Izan ere, ez du konpondu nahi izan errepideetako finantzaketaren eta mantentze-lanen gaineko arazoa eta, gainera, hurrengo legealdiko agintarien esku utziko du arazoa, Larraitz Ugartek berak hartu nahi izan ez dituen erabakiak hartzeko. Eta hori arduragabea, populista eta alderdikoia da ”.

Era berean, Antxustegik segidakoa esan du: “Larraitz Ugarte ohartu da Bidegi foru sozietatearen zenbakiak onak direla eta foru-sozietatearen finantza- eta ekonomia-egoera kaudimenduna dela. Eta hori, nahiz eta beste erabakiri hartu ez duen eta bakarrik urtero bezala bidesariak igo dituen. Gainera, trafiko kopurua %3 handitu da maiatza arte – gogoan izan %1 handitzea aurreikusita zegoela –. Beraz, nahiz eta foru diputatuak gaizki kudeatu duen, Bidegiren egoera ona da eta ordainketak egiten jarraitu dezake eta, beti, orain arteko inbertsioak ordaintzeko”.

Horren harira, EAJ-PNVren batzarkideak salatu du, Larraitz Ugartek ez duela aitortu nahi Bidegi kaudimenduna dela eta foru-sozietatea kaltetzen ari dela: “Larraitz Ugartek autobiak zein autobideak egiten amaitzeko maileguak erabili ditu, baina ez du neurririk hartu mailegu horiek itzultzeko”. Hortaz, Joseba Antxustegik Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako foru diputatuari leporatu dio, herritar guztiei bidesariak inposatzeko obsesioa izatea eta, era berean, obsesio hori ezkutatzea. Eta, hain zuzen ere, hori da egun Larraitz Ugartek babesten duen eredua, behin Arkupe bidesari-sistemak porrot eginda”.

Azkenik, EAJ-PNVren batzarkideak jeltzaleen eredua azpimarratu du: “Jeltzaleon eredua egungo bidesari-sistema indartzean datza. Izan ere, ereduak honakoa bermatzen du: errepideen finantzaketa; erabiltzaileek bakarrik ordaintzea errepideen mantentze-lanak; Gipuzkoa egunero zeharkatzen duten atzerriko 10.000 kamiolariek errepideak erabiltzeagatik ordaindu behar izatea – eta, ondorioz, ez dugu gipuzkoarrok soilik errepideen mantentze-lanak ordainduko –; eta lurralde oreka”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario