Batzarkide jeltzale Joseba Antxustegik salatu du,
Larraitz Ugartek ez duela jarrera aldatu, nahiz eta Bidegiren kaudimena
agerikoa den.
Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako foru diputatu Larraitz Ugartek
izen bereko batzordean parte hartu du gaur goziean Gipuzkoako Batzar
Nagusietan. Bertan, Bidegi foru sozietatearen 2015eko aurrekontua aurkeztu du.
Behin batzordea amaituta, EAJ-PNVren batzarkide Joseba Antxustegik honakoa adierazi
du: “Bidegiren kaudimena sendotzen ari da, izan ere, kontu-ikuskaritzaren
datuen arabera Bidegiren kutxan abuztuaren 31n 107,7 milioi euro zeuden, behin
zor guztiei aurre eginda”. Horrenbestez, Antxustegik salatu du, Larraitz
Ugartek ez duela jarrera aldatu, nahiz eta Bidegiren kaudimena agerikoa den.
Bidegi foru sozietatearen benetako bilakaerak baztertu ditu Larraitz Ugarte
foru diputatuaren aurreikuspen alarmista guztiak, hain zuzen ere, Bidegiko
lehendakari denetik egin izan dituen aurreikuspen alarmistak. Izan ere, 2013ko
foru sozietatearen aurrekontuan 16,7 milioi euroko galera aurreikusi zuen;
baina aitzitik, kontu-ikuskaritzak aurreikuspen oker hori baztertu zuen eta
esan zuen ustiapenaren emaitza positiboa izan zela (hain zuzen ere, 18,6 milioi
euro). 2014ean aldiz, segidako aurreikuspenak egin zituen Ugartek: lehenik,
trafikoa %º1 handituko zela esan zuen; bigarrenik, bidesarien diru-bilketa %3,5
handituko zela, eta azkenik, ustiapenaren emaitza 22,6 milioikoa izango zela. Baina
errealitatea bestelakoa da: 2014ko lehenengo 8 hilabeteetan, ustiapenaren
emaitza 21,7 milioi eurokoa izan da eta emaitzaren arrazoia izan da trafikoa %1
baino gehiago handitu dela. Beraz, ez litzateke harrigarria izango azken
emaitza aurreikusitakoa baino 6 milioi euro gehiagokoa izatea.
Horren harira, Antxustegik Larraitz Ugarteri segidakoa leporatu dio:
“Aurreikuspenak ez dira fidagarriak eta
sinestezinak dira eta, gainera, ez dira argiak eta zehatzak. Era berean,
diru-bilketaren gaineko datuak ez dira benetakoak eta beti alarmistak dira,
nahiz eta Larraitz Ugartek horretarako arrazoirik ez duen. Horrenbestez, foru
diputatuak urtetik urtera aditzera ematen du arazoak egongo direla zorrari
aurre egiteko. Beraz, nahiz eta datuek Larraitz Ugarteri arrazoia kentzen
dioten, ulertezina da legealdiaren amaieran esaten jarraitzea foru sozietateak
ekonomia-arazoak dituela. Horrek agerian uzten du Larraitz Ugarteren helburu
bakarra honakoa dela: lehengo legealdiko EAJ-PNVren aginteko foru gobernuaren
aurka egitea, Larraitz Ugarte beraren akordioak egiteko gaitasun eza ezkutatzeko”.
Era berean, Joseba Antxustegiren ustez, Larraitz Ugartek Bidegi ondo
kudeatzen saiatu beharko luke, baina hori egin beharrean, Bidegi erabili nahi
izan du aurkari politikoaren aurka egiteko, hain zuzen ere, EAJ-PNVren aurka.
EAJ-PNVren batzarkideak, halaber, honakoa salatu du: “Ezin da proposatu
2015eko aurrekontuan ustiapen emaitza 29,9 milioi eurokoa izatea eta,
diru-sarreren aurreikuspena lotzea trafikoa %1,92 handitzera eta bidesarien
diru-bilketa %3,5 handitzera. Izan ere, horiek izan daitezke 2014ko azken
emaitzak. Gainera, baldin eta ustiapen emaitza horri amortizazioen gaineko 37,6
milioiak gehitzen badizkiogu 67,6 milioi euro egongo dira urteko 64,8 milioi
euroko amortizazioari aurre egiteko. Beraz, faltsua da Foru Aldundia behartuta
dagoela 8,9 milioi euro jartzera zorrari aurre egiteko, izan ere, Bidegi foru
sozietate publikoa kaudimenduna da”.
Azkenik, hona hemen Antxustegiren hitzak: “Larraitz Ugarte ez da gardena
izan Bidegi kudeatzeko. Izan ere, ez ditu Bidegiren 2014ko kontuak egoki
argitu: azaroaren erdian gaude eta, oraindik, ez du irailaren datuen berri
eman. Eta gainera, oraindik ez dugu ezagutzen Bidegiren eta Bidelanen arteko
akordioa, hain zuzen ere, foru diputatuak berak bolo bolo komunikabideetan
iragarri zuen akordioa, izan ere, Batzar Nagusietako gainerako taldeoi ez digu
akordioaren berri eman”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario