Batzarkide jeltzale Xabier Ezeizabarrenak esan du,
gipuzkoarrek Bilduri gaia konpontzeko eskatzen diotela, baina aitzitik, Bilduk
aldez aurretik pentsatu gabeko erabakiak hartzen jarraitzen duela eta,
ondorioz, zalantzak sortzen dituela
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren azken txostenak dio, Gipuzkoako
Hondakinen Partzuergoaren (GHK) erabakiak zalantzak sortu dituela, hain zuzen
ere, errausketa-instalazioa eraikitzeko kontratuak eteteko erabakiak. Behin
txostena ezagututa, EAJ-PNVren batzarkide Xabier Ezeizabarrenak honakoa esan
du: “Epaitegiak berretsi ditu Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren gaineko
azken urteetako kontu-ikuskaritzaren txostenak. Eta, gogoratu behar da, txosten
horiek segidakoa esaten zutela: Bilduren kudeaketa Gipuzkoako Hondakinen
Partzuergoan kaxkarra izan da”. Horren harira, Ezeizabarrenak salatu du, Bildu
ez dela gai izan hondakinen kudeaketaren auzia konpontzeko eta, gainera,
ekonomia- eta kudeaketa-zalantzak sortu dituela.
Horiek horrela, batzarkide jeltzaleak adierazi du, GHK partzuergoaren
kontuak aztertzen dituzten erakunde guztien txostenetako zalantzek honakoa
dutela komunean: “Bilduren aldebakarreko erabakia hondakinen kudeaketarako
benetako irtenbide bakarra gelditzeko, hain zuzen ere, PIGRUG hondakin
plangintza arautzen duen 7/2008 Foru Araua gelditzeko erabakia. Gogoan izan,
PIGRUG hondakin plangintzak energia balorizatzearen alde egiten duela
birziklatu edo konposta ezin daitezkeen hondakinak tratatzeko”. Gainera, Xabier
Ezeizabarrenak azaldu duenez, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren txostenak dio,
justifikatu ezineko kalte-ordainak daudela eta zalantzak sortzen dituela
jasotako kantitateen itzulerak. Horrek guztiak erakusten du Bilduk ez duela
inoiz beste plangintzarik izan.
Hortaz, Ezeizabarrenak azpimarratu du egun agerian gelditu dela Bilduk ez
duela plangintzarik eta, are gutxiago, gainerako alderdiekin adostutako
plangintzarik, eta honakoa salatu du: “Bilduk ez du proiekturik egin Osinbeltz
harrobian zabortegia jartzeko eta, gainera, proposatu duen tratamendu mekaniko
biologikoa (TMB) egiteko instalazioak ez du zer ikusirik PIGRUG hondakin
plangintzan onartutakoarekin. Halaber, behin
Epele auzoko konposta egiteko instalazioaren lehenengo harria jarri eta zortzi
hilabete igarota, Bilduk ez du proiektua esleitu eta, are gehiago, ez dakigu
Bilduk proiektu horiek egiteko finantzazio nahikoa duen. Beraz, guztia
zalantzak dira”.
EAJ-PNVren batzarkideak, halaber, salatu du, Bilduk legealdi osoa eman
duela bere erabakia justifikatu nahian, baina ez du lortu konponbide
sinesgarririk, hain zuzen ere, Europako zuzentarauekin eta Europako herrialde
aurreratuenekin bat egiten duen konponbiderik. Bakarrik, alderdikeriaz baliatu
da Batzar Nagusietako gehiengoaren akordioak ez betetzeko eta bere ideiak
inposatzeko.
Azkenik, Xabier Ezeizabarrenak honakoa salatu du: “Bilduren kudeaketa
txarra izan da: bai kudeaketa ekonomikoa – Herri Kontuen Euskal Epaitegiak hala
esan du –, bai hondakinak tratatzeko azpiegituren plangintza egiteko
kudeaketa”. Hortaz, Ezeizabarrenak esan du, gipuzkoarrek Bilduri gaia konpontzeko eskatzen diotela, baina
aitzitik, Bilduk aldez aurretik pentsatu gabeko erabakiak hartzen jarraitzen
duela eta, ondorioz, zalantzak sortzen dituela
No hay comentarios:
Publicar un comentario