29 de septiembre de 2011

EAJ-PNV-K BILDURI OHARTARAZI DIO, AURREKONTUA EZ DUELA NEGOZIATUKO BALDIN ETA ENPRESEI LAGUNTZEKO KRISIAREN AURKAKO PLANAREN DEKRETUAK MANTENTZEN EZ BADITU

Markel Olanok adierazi duenez, foru aldundiak atzerapauso nabarmena eman du. Izan ere, aurreko legealdian Berrikuntza departamentuak sustapen ekonomikoaren ikuspegitik lan berriari ekin zion: krisiaren aurkako borrokan lurraldeko enpresei laguntzeko ardura izan zuen. Aitzitik, Bilduk orain, departamentuak krisiarne aurretik zituen eskuduntzak berreskuratu dizkio, eta hori ikaragarrizko hutsa da”.

Arantza Tapiaren ustez, “Gipuzkoako Foru Aldundiak orain arte egindako lana zakarrontzira bota du, Berrikuntza departamentuan egin duen berrantolaketarekin”.

EAJ-PNV batzarkide taldeko Markel Olanok eta Arantza Tapiak prentsaurrekoa egin dute gaur goizean. Bertan, Olanok Bilduri jarrera zuzen dezan eskatu dio, eta segidakoa ohartarazi dio: “Ez dugu aurrekonturik negoziatuko, baldin eta 2010 eta 2011ko krisiaren aurkako planean enpresei laguntzeko dekretuak mantentzen ez baditu”.

Jeltzaleen batzarkide taldeko eledunaren iritziz, “foru aldundiak atzerapauso nabarmena eman du. Izan ere, aurreko legealdian Berrikuntza departamentuak sustapen ekonomikoaren ikuspegitik lan berriari ekin zion: krisiaren aurkako borrokan lurraldeko enpresei laguntzeko ardura izan zuen. Aitzitik, Bilduk orain, departamentuak krisiaren aurretik zituen eskuduntzak berreskuratu dizkio, eta hori ikaragarrizko hutsa da”.

Markel Olanok, halaber, honakoa adierazi du: “Bildu errealitate ekonomikotik kanpo bizi da. Alabaina, ekonomia eta gizarte ereduak zalantzan jarri ditu”. Ildo beretik, Olanok gogoratu duenez, “industriarekin lotura handia duen lurraldea gara. Gainera, Gipuzkoaren garapen ekonomikorako ezinbestekoa da gure enpresek aberastasuna sortzen jarraitzea. Beraz, onartezina da Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresak horrela baztertzea”.

Bestalde, hona hemen Arantza Tapiak azpimarratutakoa: “Kezkagarria da, Foru diputatu batek ekintzailetasuna, hau da, enpresa berriak sortzeko ahalmena, eta nazioarteratze kontzeptuak nahastea”. Orobat, Tapiaren ustez, “Bilduk ez du krisiaren egoerari aurre egiteko ez erantzuteko ez neurririk hartzeko gaitasunik”.

Era berean, Arantza Tapia batzarkideak esan duenez, “Datozen lau urteetarako plangintza ekonomikoa aurkeztea beharrezkoa da; eta, bertan, krisiaren aurkako plana barneratuta egon behar du. Guk 2010 zein 2011 urteetan, krisiaren aurkako plana martxan jarri genuen; besteak beste, enpresei eman beharreko laguntzak zehazten ziren, eta, hain zuzen, lau dekretu definitzen ziren: lehengoa, lurraldeko enpresek hausnarketa estrategikoa egitera bideratua; bigarrena, berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzera zuzendua; hirugarrena, une zailean dauden enpresentzat laguntzak lortzeko gidatua; eta azkenekoa, nazioarteratzea bultzatzeko laguntzak lortzeko orientatua”.

Azkenik, Tapiaren aburuz, “Gipuzkoako Foru Aldundiak orain arte egindako lana zakarrontzira bota du, Berrikuntza departamentuan egin duen berrantolaketarekin”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario