Jeltzaleen
batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olano Radio Euskadin egon da eta
honakoa esan du: “Bilduren aginteko Foru Aldundiak ez du ekonomia ekimenik
egin”.
EAJ-PNV bartzarkide taldearen
bozeramaile Markel Olanok Radio Euskadiko Dani Alvarez kazetariaren galderei
erantzun die gaur goizean, Boulevard saioan. Bertan, Markel Olanok honakoa
azpimarratu du: “Erakundeen arteko elkarrizketa ezinbestekoa izango da, orain
arte proiektu estrategikoen gainean egindakoan atzera ez egiteko”. Ildo
beretik, Olanok esan du, beharrezkoa dela lehentasunak ekonomia-egoerarekin bat
egitea eta, beraz, proiektu estrategikoak lurraldearen errealitateari moldatu
behar zaizkio”.
Era berean, Gipuzkoako Batzar
Nagusietan EAJ-PNVren batzarkide taldearen bozeramaileak ez du gustuko
‘faraoniko’ delako hitza – Gipuzkoako Foru Aldundiaren egungo arduradunek maiz
erabiltzen dute – proiektui buruz hitz egiteko, eta berretsi du, Gipuzkoako
EAJ-PNVk lurraldearen proiektu estrategikoen alde egingo duela; izan ere, oso
garrantzitsuak dira Gipuzkoako herritarren etorkizuneko ekonomia- eta
gizarte-ongizatearentzat.
Horrenbestez, Markel Olanok
segidakoa eskatu die Euskadiko erakundeei zein alderdi politikoei:
Elkarrizketa, akordio eta harreman gehiago. Kezka sortzen didate Donostiako
Udaleko PP eta PSEren ordezkarien adierazpenak. ‘Matxinada’ hitza erabili dute
eta, gure ustez, hori egiteak gure herriaren interesen aurka egiten du eta
liskarra sortzen du. Eta liskarra da, hain zuzen ere, ekidin behar duguna,
elkarrizketaren eta komunikazioaren alde egiteko.”.
Gipuzkoako hondakinen
kudeaketari buruz ere galdetu diote Olanori: “Bilduk Batzar Nagusietako gehiengoari
aurre egitea erabaki du, nahiz eta Batzar Nagusiek hondakinen arloan eskuduntza
duten. Beraz, demokraziaren aurkako jarrera du Bilduk eta muga guztiak gainditu
ditu; izan ere, finantza-erakundeen, enpresen edota Europako Inbertsioetarako
Bankuaren aurka egiten ari da. Hau da, Bilduk gatazka bilatzen du eta
inposatzea du helburu. Eta, horrek, kezka handia sortzen digu: Gipuzkoa
galzorian jarri du, ez duelako ekimenik eta orain arteko erakundeen lana baztertu duelako eta herritarren gehiengoaren
iritziaren aurka egin duelako”.
Horren harira, jeltzaleen
eledunaren aburuz, “onartezina da Gipuzkoan hondakinen arloan gertatzen ari
dena. Bilduk ez ditu bete nahi ez konpromisoak ez Batzar Nagusietako ebazpenak
eta, horrek, bere ondorioak ditu. Bilduren jarrerak ez du ibilbiderik eta aurre
egingo diogu, hainbat neurri aurkeztuz, betiere, oposizioaren gainerako
alderdiekin batera”.
Pasaiako kanpoko portuaren
gainean, Markel Olanok segidakoa azpimarratu du: “Pasaiako birsorkuntza ez da
posible izango, baldin eta ekonomia-jarduera kanpora ateratzen ez bada”. Hala,
Olanoren ustez, ezin dugu itxaron harik eta ekonomia-jarduera kanpora atera
arte, Gipuzkoako degradatutako eremurik handiena birsokuntza egiteko”. Hala
ere, EAJ-PNVren bozeramailearen iritziz, “ekonomia-egoera epe labur eta
ertainean garrantzitsua izango da azpiegituraren eraikuntzarako, baina horrek
ez du esan nahi aldarrikapen historiko hau baztertuko dugunik eta, beraz,
proiektuaren lehentasunaren alde egiten jarraituko dugu”.
Donostiako Metroari buruz ere
hitz egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ-PNVren bozeramaileak eta Radio
Euskadiko Dani Alvarez kazetariak: “Donostia-beterriko trenbide azpiegiturak
hobetu behar dira eta egungo trena metroan bihurtu behar da. Maiztasunak hobetu
behar dira, bereziki, Lasarte-Oria, Donostia eta Hendaia artean. Era berean,
uste dugu azpiegitura Donostiako erdigunetik igarotzeak lehentasuna izan behar
duela, izan ere hiriburuaren zein
inguruko herrien etorkizunerako garrantzitsua da. Dena den, azpiegitura moldatu
beharko da ekonomia-egoerara eta kostuaren kalkuluan sortutako akatsetara”.
Markel Olanok, orobat, krisiari
eta Bilduri krisiari aurre egiteko plana egiteko foru arau proposamenari buruz
hitz egin du: “Bilduk ez du ezer egin lurraldeak bizi duen egoera larriari
aurre egiteko. Behin eta berriro eskatu diogu, krisiari aurre egiteko plana
egiteko, baina entzugor egiten die eskariei eta, ondorioz, Batzar Nagusietako
gehiengoari. Jarrera horren aurrean erabaki dugu, Bilduren aginteko Foru
Aldundiari krisiari aurre egiteko plana egitera beharko foru arau proposamena
egitea”.
Azkenik, EAJ-PNVren eledunak
azaldu duenez, “Gipuzkoako politikaren, ekonomiaren eta gizartearen eragileekin
elkarlanean ari gara. Dokumentu bat aurkeztu diegu eta beraien iritziak eta
ekarpenak jasotzen ari gara. Uste dugu, Aste Santua eta gero Foru Arau
proposamena eginda izango dugula, Garitanoren aginteko Foru Aldundiari krisiari
aurre egiteko plana egitea behartuko diogu. Izan ere, une honetan Foru
Aldundiak ez du ekonomia-ekimenik”. Halere, Markel Olanoren iritziz, Gipuzkoan
ekonomia-sare indartsua, modernizatua eta lehiakorra dugu, nahiz eta Bilduren
aginteko Foru Aldundiak ez duen ezer egiten. Hori bai, ekonomia-sarearen egoera
larria da eta laguntza behar du, beraz, onartezina da Bilduk ezer ere ez egitea
horiei laguntzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario